Erreportajea 2016-02-04

"Santa Ageda bezpera da gaur..."

Atez ateko eskeko saio asko asteburura pasa arren, gaur bertan Pasaian, Elgoibarren, Gabirian, Seguran, Azpeitian, Zestoan, Ondarroan, Alegian, Errenterian eta Villabonan aterako dira kantura. Bideoan 2000.urtean Berriatuan eskean atera zireneko irudiak dituzue ikusgai.
  Tradizio handiko eguna da Santa Ageda bezpera. Ohitura zaharrak dioenez, neguko solstizioaren ondoren lurra esnatzea omen da helburua, makilarekin joaz. Pixkanaka jaia ere garatuz joan da, baina oraindik ere Euskal Herriko txoko askotan ateratzen dira taldeak kantura Santa Ageda bezperan. Pasaian Maialen Akizu eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" ariko dira kopla kantuan, iluntzeko 19:00etatik aurrera, Gudarien Plazatik hasita.

 Elgoibarren, berriz, arratsalde osoa pasako dute kantuan. Eguerdiko 14:30ean abiatuko dira Kalegoen plazatik eta baserri auzoetan zehar ibiliko dira Juan Mari Areitio, Xabier Arrizabalaga "Ziarda", German Meabebasterretxea eta Juan Mari Narbaiza.

 Gabirian arratsaldeko 17:00etan aterako dira Gabiriko Kaskotik. Aratz Igartzabal "Potto", Euxebio Igartzabal, Endika Igartzabal, Gorka Maiz eta Iñaki Murua dira kantuan aritzekoak.

 Ordu berean aterako da Segurako taldea ere Elorripe elkartetik. Eneko Araiztegi "Korta" eta Jon Iturriotz jardungo dira koplatan.

 Zestoan egun osoko eskea egingo dute gaur. Aitor Salegi eta Millan Telleria dira kantatzekoak.

 Ondarroan iluntzeko 19:30ean hasiko dira.

 Orduerdi lehenago abiatuko da Alegiako taldea Larraitz auzoko plazatik. Felix eta Imanol Irazustabarrena dira kantuan aritzekoak.

 Errenterian ere tradizio handia du ohitura honek. Arratsaldeko 18:00etan abiatuko dira Ereintza Elkartetik Amaia Agirre koplari hartuta.

 Azkenik, Villabonan arratsaldeko 18:30ean abiatuko dira Kultur Etxetik. Oihana Iguaran jardungo da kantuan.

 Asteburuan ere bai

 Dena den, talde guztiak ez dira gaur aterako. Santa Ageda bezpera asteguna egokitu denez, talde batzuk asteburura atzeratuko dute eskea. Hala, Aizarnazabalen eta Mutrikun larunbatean aterako dira.

 Hiru talde Mutrikun

 Mutrikun, aurtengoan  4 talde arituko dira Mutrikuko kale eta baserriak koplatzen, eta bertan batzen den dirua Kalaputxi aldizkariaren alde izango da. Hauek dira koplari arituko diren taldeak:

•    Bertso eskolatik 3 talde:
o    1.Taldea:  Koplariak Imanol Lekunberri eta Iñigo Arrizabalaga . Goiz eta arratsalde kalean  arituko dira koplari.
o    2.Taldea:  Koplariak Angel Mari Peñagarikano eta Laxaro Astigarraga. Talde honek Olatz eta Ibiri bailarak koplatuko ditu.
o    3.Taldea:  Koplariak Jexux Mari Irazu eta Orlando Arreitunandia. Talde honek Astigarrabia, Olabarrieta eta Laranga bailarak koplatuko ditu.

•    Mijoa auzoko taldea:  Koplariak Iñaki Apalategi eta Xabi Astigarraga. Goizean Galdua bailaran arituko dira eta arratsaldean Mijoan.


Bideoan 2000.urtean Berriatuan eskean atera zireneko irudiak dituzue ikusgai.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri