Zortzi puntutan - Bizkaiko eskualdekako ekimena 2016-02-03

Uribe Butroeko txapelketa larunbatean

Uribe Butroeko txapelketa larunbatean
Bizkaiko eskualdeetako txapelketa jokatzen ari dira, joan den abendutik hasita. Girotze lana eta gazteei aukera berriak ematea da helburu nagusia. Dagoeneko Lea- Artibai eta Busturialdean jokatu dira. Larunbat honetan Uribe Butroeko txapelketa jokatuko da. Txapelketa hauek ez dira baliagarriak udazkenean jokatuko den Bizkaiko Txapelketari begira.
Bizkaiko eskualdeetako txapelketa jokatzen ari dira, joan den abendutik hasita. Bizkaiko Bertsozale Elkarteak bultzatutako proiektua da eta Zortzi puntutan du izena. Ekimenaren helburua da eskualdea girotzea eta bertsogintzaren oinarria sendotzea. Txapelketara joango ez direnentzako bestelako plaza bat izango da, eta joango direnentzako entrenamendu aproposa, antolatzaileen esanetan.

Girotze saioak edo txapelketak
Zortzi puntutan ekimenean eskualdeak berak hartzen du antolakuntza ardura eta bera erabakitzen du formatua ere, eskualdearen ezaugarrietara egokien datorren aukera baliatuaz. Eskualde batzuk girotze saioak egingo dituzte eta beste batzuek txapelketa formatoa baliatuko dute.

Uribe Butroeko eskualdean, hiru kanporaketa eta finala larunbatean, Mungian.
Uribe Butroeko txapelketa jokatuko da larunbat hontan Mungian. Goizeko 11:30etan hasita, hiru kanporaketa jokatuko dira Aketxe, Jali Alai eta Abaroa tabernetan. Denera, 12 bertsolari arituko dira kantuan: Malen Amenabar, Peru Berazategi, Aitor Etxebarria, Ortzi Garitano, Mikel Goiriena, Jon Larrabide, Ibon Larrazabal, Jone Larrinaga, Asier Legarreta, Etxahun Lekue, Sergio Peña eta Jon Trontxe. Hiru kanporaketa jokatu ondoren, bazkalostean finala jokatuko dute Bataklan txokoan, 17:30etan hasita.

Busturialdean eta Lea-Artibain lehen biak
Zortzi puntutan ekimenaren lehen saioak Busturialdean eta Lea-Artibaiko eskualdean izan ziren. Busturialdean hiru kanporaketa eta finala jokatu ziren. Onintza Enbeita izan zen irabazle, Ibon Ajuriagojeaskoarekin buruz burukoa jokatuta. Bi horiekin batera oholtzan izan ziren Ander Elortegi, Julen Erezuma, Julen Ibarguengoitia eta Ibai Amila. Finala Gernika-Lumoko Astran jokatu zen eta aurretik hiru kanporaketa jokatu zituzten eskualdean.
   Lea-Artibaiko eskualdean girotze saioa jokatu zen Ondarrun, Arrigorri jatetxean, sei bertsolarirekin. Eneko Arrate, Aitor Ruiz, Aissa Intxausti, Iñaki Lersundi, Bikain Urkidi eta Alexander Idoeta. Publikoaren erabakiz Eneko Arrate eta Aissa Intxausti pasa ziren buruz burukora eta Eneko Arratek eraman zuen saria, ileordea.

Beste eskualdeetako finalak
Arratiako Bertsolari Txapelketa, 2016-II-20: Diman
Hego Uribeko Bertsolari Txapelketa, 2016-III-05: Bilbon
Uribe Kostako Bertsolari Txapelketa, 2016-III-19: Plentzian
Ezkerraldeko Bertsolari Txapelketa, 2016-V-06


Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri