Pernando Amezketarra gogoratu eta eskualdean bertsoa sustatzeko asmoz, bertso-sariketa antolatu du Tolosaldeko Harituz Bertsozale Elkarteak. Taldean hartuko dute parte bertsolariek eta lehen edizio honetan, lau bertso-eskola hauek izango dira: Goierrikoa, Oñatikoa, Erniarraizkoa eta Hernanikoa. Lehen kanporaketa ostiralean izango da Asteasun eta han izango dira kantuan Oñati eta Erniarraizko bertso eskoletako kideak. Finala hilaren 30ean jokatuko da Amezketako Behar Zana jatetxean.
Datozen asteetan izango da bertsoarekin gozatzeko aukera Tolosaldean.
Pernando Amezketarraren oroimenez, bertso-sariketa antolatu du bertako Harituz Bertsozale Taldeak. Hiru bertsolarik osatutako lau taldek hartuko dute parte; lehen edizio honetan talde hauek izango dira:
-Goierriko bertso eskola:
Gorka Maiz,
Amaia Iturriotz eta
Odei Lopez-Oñatiko bertso-eskola:
Maider Arregi,
Egoitz Aizpuru eta
Andoni Goitia-Hernaniko bertso-eskola:
Arnaitz Lasarte,
Eli Pagola eta
Oier Iurramendi-Erniarraizko bertso-eskola:
Eneritz Artetxe,
Haritz Garmendia eta
Aitor Salegi
Ariketa guztiak neurri txikian izango dira,
Pernando Amezketarrak hala kantatu ohi zuenez.
Bi kanporaketa eta finala
Hiru saio jokatuko dira sariketaren baitan: bi kanporaketa eta finala. Lehen kanporaketa etzi, hilak 8, jokatuko da Asteasuko Iturriondo jatetxean. Oñati eta Erniarraizko bertso-eskoletako kideak arituko dira kantuan.
Bigarren kanporaketa hurrengo ostiralean, hilak 15, izango da Berastegin. Han Hernani eta Goierriko bertsolariak izango dira. Kanporaketak irabazten dituzten bi taldeak sailkatuko dira finalera. Finala apirilaren 30ean izango da Amezketako Behar Zana jatetxean.
Saio guztiak afalostean
Saioak afalostean izango dira. Afarirako txartelak saioa egingo den lekuan izango dituzte salgai, edo bestela
harituz.bzt@gmail.com helbidean erreserbatu daitezke. Saioak irekiak izango dira; bertsoak entzutera joan daitezke afaltzen izan ez direnak ere.
Tolosaldean bertsoa sustatzea helburu
Pernando Amezketarra gogoratzeaz gain, eskualdean bertsoa sustatzea du helburu sariketa honek, eta herritarrei bertsoarekin gozatzeko aukera ematea. Inguruko bertso-eskolak eta bertsolariak Tolosaldean ezagutaraziz, bertso-eskolak sustatu eta bertsolari gazteei plazan kantatzeko aukera eskaini nahi zaie.