Ostiralean jokatu zen lehen kanporaketa 2016-04-12

Erniarraizko taldea lehen finalista Pernando Amezketarra Sariketan

Erniarraizko taldea lehen finalista Pernando Amezketarra Sariketan
Ostiralean jokatu zen Pernando Amezketarra Sariketaren lehen kanporaketa Asteasun. Erniarraizko taldeak irabazi zuen finalerako txartela, epaileek eta publikoak hala erabakita. Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegik osatu zuten talde irabazlea eta beraiekin aritu ziren kantuan Maider Arregi, Egoitz Aizpuru eta Andoni Goitia oñatiarrak. Hemen duzue Haritz Mujika Harituz Bertsozale Elkarteko kideak egindako kronika.
Ostiralean jokatu zen Pernando Amezketarra Sariketaren lehen kanporaketa Asteasun. Erniarraizko taldeak irabazi zuen finalerako txartela, epaileek eta publikoak hala erabakita. Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegik kantatu zuten talde irabazlean eta beraiekin aritu ziren kantuan Maider Arregi, Egoitz Aizpuru eta Andoni Goitia oñatiarrak.

Datorren ostiralean jokatuko da bigarren kanporaketa Berastegin. Hernaniko bertso-eskola eta Goierrikoa izango dira aurrez aurre, eta han erabakiko da bigarren talde finalista. Apirilaren 30ean jokatuko da finala Amezketan.

Hemen duzue, Asteasuko saioari buruz Haritz Mujika Harituz Bertsozale Elkarteko kideak egindako kronika:

                         EPAILEEN ETA PUBLIKOAREN ERABAKI BAT ETORRI ZIREN

Ostiralean hasi zen Pernando Amezketarra sariketa. Asteasun izan zen lehenengo saioa eta Erniarraitz (Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegik osatua) eta Oñatiko (Egoiz Aizpuru, Maider Arregi eta Andoni Goitiak osatua) taldeak izan ziren aurrez-aurre. Gai jartzaile lanetan berriz, Ion Beloki andoaindarra aritu zen. Iturriondo jatetxeko jangelan 60 lagun inguru elkartu ziren afaltzen, eta saioa entzutera beste dozena bat bertsozale ere inguratu ziren.

Harituz bertsozale taldeak lehen aldiz antolatu duen sariketa honek badu berezitasun bat. Bertsolariek egin beharreko ariketa guztiak neurri txikiko doinuetan egin behar izaten dira eta agurrak taldeka etxetik prestatuta ekarri behar izaten dituzte. Saioa hasteko beraz, talde bakoitzak prestatuta ekarritako agurrak abestu zituzten. Erniarraizko taldea izan zen agurra kantatzen aurrena, eta trikitixaz lagunduta agur bizi eta umoretsua osatu zuten. Oñatiarrek aldiz, ez zuten publikoarengana iristea lortu, euren agurra sakonagoa zelako, agian.

Lan puntuagarriekin hasteko bi taldeek ariketa progresibo bana egin behar izan zuten. Gai baten inguruan 2, 4, 6, 8, 10, 12 eta 14 puntuko doinuetan bertso bana kantatu behar izan zuen talde bakoitzak. Bigarren ariketa zortziko txikiko ofizioa izan zen. Ofizioa osatzeko gaia ordea, serioa zen eta beraz, ohituta ez gauden moduko 8ko txikiko ofizio bat entzun genuen. Gaia honako hau izan zen: Zuek biok, afalostean, ETBko albistegiei begira zaudete eta lehen hogei minututan Hego Euskal Herriaz eta Espainiaz soilik hitz egin da. Ez da ipar Euskal Herria edo Frantzia aipatu ere egin. Aitor Salegik eta Maider Arregik ofizio bikaina osatu zuten.

Jarraian 8ko txikiko bigarren ofizioa iritsi zen, hau gai umoretsu baten inguruan egin beharrekoa. Haritz Garmendia Euskal Herriko Itzulian lehiatzen ari zen txirrindularia zen eta Andoni Goitia taldeko mekanikariari bosgarren aldiz joan zitzaion bizikleta konpontzeko eskatuz. Ofizio bizia eta umoretsua osatu zuten biek, eta entzuleen artean giroa berotzeko balio izan zuen. Ondoren 9 puntuko bertsoen txanda iritsi zen. Talde bakoitzak hiru bertso abestu behar izan zituen 9 puntukoan. Lehenengoa, errimak emanda, bigarrena, bukaera emanda eta azkena, puntu erdika. Ariketa honen zailtasuna kontuan hartuta, bertso onak kantatu zituztela esan beharra dago eta publikoak asko eskertu zuela bertsolariek zailtasun horretako ariketa egin izana.

Kartzelako ariketa izan zen ondoren egin zutena. Kartzelako ariketan talde bakoitzak gai baten inguruan hamabi kopla kantatu behar izan zituen eta ariketa honetan Erniarraitzko taldeak saio eder bat eginez, publikoa poltsikoratzea lortu zuen. Oñatiarrek aldiz, ez zuten gaiari heltzerako orduan asmatu eta ez zuten publikoarengana iristea lortu.

Kartzelako lanaren ondoren, 10eko txikiko ofizio bat, bakarkakoak eta puntukako saioak iritsi ziren. Lan hauen artean azpimarratzekoena Maider Arregiren bakarkakoa izan zen. Senarra hil berri zitzaion bere bizilaguna, senarraren arropak balkoian zintzilikatzen ikusi zuen. Bertso bikainak kantatu zituen Arregik.

Saioa bukatzeko bertsolariek agur bana abestu zuten eta jarraian Jon Beloki gai jartzaileak epaileen eta publikoaren epaiaren berri eman zuen. Erniarraitz izan zen talde irabazlea eta apirilaren 30ean Amezketan jokatuko den finalean izango dira. Euren aurkaria datorren ostiralean Berastegin izango den kanporaketatik aterako da. Hernani eta Goierriko taldeek kantatuko dute bertan. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri