2016-04-13

Parte hartuko duten kantu inprobisatuak

Europa Bat-batean egitasmoak 11 ahozko kantu inprobisatu bilduko ditu Euskal Herrian barrena. Bertsolariekin batean, oholtzakide izango dira Kanarietako verseadoreak, Kubako  repentistak, Kurdistango dengbêj-a, Kataluniako glosadoreak, Sardiniako cantadoriak, Galiziako regefeiroak, Zipreko tsiattistak,  Babierako gstanzlsänger-ak, Galeseko canu byrfyryr-ak eta Mexikoko trobadoreak. Hona hemen baikotzaren deskribapena.

1 - Repentismo
•    Hizkuntza: Espainiera
•    Lurraldea: Kanariak
•    Inprobisatzailea: Verseador
•    Deskribapena: Gaztelaniaz inprobisatzen da, eta Kanariar uharte guztietan zehar hedatzen da, lekuaren arabera aldatzen bada ere. Hierro uhartean ditxo gisako bertsoak inprobisatzen dira medaren laguntzaz, baina ezagunak dira ere loak edo lobak, cuartetatan kantatzen direnak. Kanaria Handia, Fuerteventura eta Lanzaroten koplak kantatzen dituzte eta Palman “pique” deitutako ahozko lehiak antolatzen dituzte. Versador, versiador edo verseador deitzen zaie inguru honetako repentismoa lantzen dutenei eta Kubako inprobisazioaren ezaugarri asko ditu: esaterako, inprobisatzeari “punto cubano” ere deitzen zaio eta decimak inprobisatzen dituzte laute eta gitarraren laguntzaz. Ohiko kontua da Kuba eta Kanariar uharteen arteko inprobisatzaileen elkartrukeak gauzatzea.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=decima+decimistas+canarias

2.- Dengbêj
•    Hizkuntza: Kurduera
•    Lurraldea: Kurdistan
•    Inprobisatzailea: Dengbêj
•    Deskribapena: Kurdueraz kantuaren hitzak berak ondo deskribatzen ditu Kurdistango inprobisatzaileak: "deng" ahotsa da eta "bej" kantatzea. Edertasun handiko hitzak osatzen dituzte eta hainbat gaiei buruz inprobisatzen dute, sarritan, negar-kantu moduan, hildakoei buruz ("stran"). Transmisioa berreraikitzeko saiakerak badira, eta emakume batzuek ere inprobisatzen dute.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=dengbej+kurdi
 


3.- Glosa
•    Hizkuntza: Katalana
•    Lurraldea: Herrialde Katalanak
•    Inprobisatzailea: Glosador/a
•    Deskribapena: Katalanez inprobisatzen da, Katalunia, Balear Uharteetan eta Valentzian. Eremu geografikoaren arabera inprobisatzeko moduak aldatuz doaz: glosa, garrotin, corranda... Transmisio bideak bultzatzen ari dira egun, gazteak inprobisatzen ikasten ari dira, eta gero eta emakume gehiago ari dira kantuan.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=glosadors+or+gloses+or+corrandes+or+garrotins

4.- Regueifa
•    Hizkuntza: Galiziera
•    Lurraldea: Galizia
•    Inprobisatzailea: Reguefeira/reguefeiro
•    Deskribapena: Galizieraz inprobisatzen da eta Galizian enchoyada deitzen zaie kopla-saioei eta inprobisatzaileei regueifero edo cantadeiro. Neurriz, regueifa zortzi silabako kopla da, eta bat-batekotasun (abiadura) eta erantzuteko gaitasun handia erakusten da, inolako eten edo musika-tarterik gabe. Egun Bergantiños (A Coruña) da regueiferoen bilgune nagusia.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=regueifa+regueifeiros+

5.- Poesia a bolu
•    Hizkuntza: Sardiniera
•    Lurraldea: Sardinia
•    Inprobisatzailea: Cantadori
•    Deskribapena: Sardinieraz egiten den bat-bateko kantua da, "Gare potiche" ere deritzona. Kantuak, Sardinia uharteak eragindako berezitasun sozio-ekonomikoak, bilakaera historiko-kultural berezia eta ahoz ahoko transmisioa ditu oinarri. Neurri eta egitura dialektikoei dagokienez, inprobisazio mota arruntenak "mutettus*", "ottadas", "sa repentina" eta "mutos" dira. Inprobisazioari ahotsez egiten zaion akonpainamenduan soinu gutural difonikoko “basciu e contra” nabarmentzen da batez ere, eta "launeddas” musika tresna da laguntzaile bezala erabiltzen dena. Gaur egun emakumeak ere hasi dira bat-batean kantatzen.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=gare+poetiche+sarde+improvvisate
 

6.- Punto cubano
•    Hizkuntza: Espainiera
•    Lurraldea: Kanariak, Kuba
•    Inprobisatzailea: Repentista
•    Deskribapena: Gaztelaniaz egiten da Kubako kantu inprobisatua, eta Andaluzia eta Kanariar Uharteetako jatorria izanik ere, afrikar musika elementuak barneratuta, berezko generoa da Punto Cubanoa. Egun kantu inprobisatu hau oso bizirik dago Kuban, generazio berriei transmititzeko egitasmoak abian dira eta emakume gero eta gehiago ari dira kantuan.
•    Interneteko bideoak:     https://www.youtube.com/results?search_query=decima+decimistas+cuba+%22punto+cubano%22

7.- Gstanzlsingen edo Schnaderhüpfelsingen
•    Hizkuntza: Bavariera
•    Lurraldea: Austria, Bavaria
•    Inprobisatzailea: Gstanzlsänger
•    Deskribapena: Alemanez, bavariera dialektoan, Austria eta Bavarian (Alemania) kantatzen den kantu inprobisatua da. Inguruaren arabera hainbat izendapen jasotzen ditu ("Gstanzl", "Schnodahaggn", "Trutzliadle", "Pleppaliadle", "Schwatzliadl", "Flausnliadl") baina denak biltzen ditu "Schnaderhüpfel" izendapenak. Lau lerrotako bertsoak dira, gehienetan estribillo batekin lagunduta.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=Gstanzl

8.-  Canu Byrfyryr
•    Hizkuntza: Galesa
•    Lurraldea: Gales
•    Inprobisatzaileak: ez dago adiera jakinik
•    Deskribapena: Galesez egindako errezitatutako kantu inprobisatua da, arau zorrotzez osatu beharreko bertsoak osatzen dituzte denbora hartuta eta oso ezagunak dira Galesen. Urtero hainbat txapelketa izaten dira eta ezagunenak National Eisteddfod-en egiten dena da. Emakumeen parte hartzea nabarmena da.
•    Interneteko bideoak:      https://www.youtube.com/user/LiteratureWales
 


9.- Tsiattista
•    Hizkuntza: Greziera
•    Lurraldea: Zipre
•    Inprobisatzailea: Tsiattista
•    Deskribapena: Grezieraz, Zipreko dialektoan, kantatzen dute tsiattistek. Poeta inprobisatzaileek beraien arteko lehiak egiten dituzte, eta biolin edo laudarekin lagunduta kantatzen dute. Formarik ohikoena hamabost silabako bertsoak dira, baina batzuek sei, zortzi edota bederatzi silabetako bertsoak erabiltzen dituzte. Inprobisatzaile gehienak adineko gizonezkoak dira baina egun emakume batzuk ere ari dira. Unescoren Kultur Ondare Ez Materialaren zerrendan jasota dago.
•    Interneteko bideoak: https://www.youtube.com/results?search_query=Tsiattista

10.- Topada

•    Hizkuntza: Espainiera
•    Lurraldea: Mexiko
•    Inprobisatzailea: Trovadora/trovador
•    Deskribapena: Gaztelaniaz egiten den Mexikoko kantu inprobisatuak herrialdearen lur-eremu handi bat dauka: Nuevo León, San Luis de Potosí, Guanajuato, Querétaro (décima arribeña), Jalisco, Michoacán (décima calentana), Guerrero, Oaxaca, Veracruz (décima jarocha), Ciudad de México, Tamaupilas, Zacatecas, Puebla, Tabasco, Yucatán. Era berean, bertako inprobisazioak hamaika modu ezagutzen ditu: décima, quintilla, kopla, sextilla, gehienak zortzi silabako neurrian, seikoan bestela, hainbat musika-tresnaren laguntzarekin (gitarra, viguela, arpa, jarana, requinto, zaldi-irrintzia) eta kantatzeko mila moduz. Transmisio bideak eraikitzen ari dira eta egun inprobisatzaileen artean emakumeak badabiltza eta gazteei ere irakasten zaie.
•    Interneteko bideoak:      https://www.youtube.com/results?search_query=topada+de+poetas+huapanguero+huapanguera

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri