2016-04-13

Jardunaldi akademikoak uztailean

Europa bat-batean egitasmoaren baitan, nazioarteko goi mailako adituek kantu inprobisatuari buruzko ikerketak eta gogoetak plazaratuko dituzte uztailaren 11tik 15era.

Mundu guztiko ordezkariak bilduko dira, jorratuko diren gaietan aditu entzutetsuak direnak. Besteak beste, Herrialde Katalanak, Austria, Murtzia, Zipre, Brasil, Kuba, Mexiko, Sardinia, Euskal Herria, Karelia, Estatu Batuak, Galizia eta Gales-eko kantu inprobisatuari buruz ariko dira.

Egun bakoitzak hari jakin bati jarraituko dio
-Astelehenean: kantu inprobisatu ezberdinen inguruko xehetasunak azalduko dituzte hizlariek.
-Asteartean, adierazpideen belaunaldiz belaunaldiko transmisioaz hitz egingo dute.
-Asteazkenean, generoa izango da ardatz.
-Ostegunean, kantu inprobisatuek duten garrantziaz ariko dira.
-Ostiralean, hizkuntza gutxituen inguruan ariko dira parte-hartzaileak.

Filmak eta argazki erakusketak
Hitzaldiak eta mahai inguruak ez ezik, kantu inprobisatuarekin edo inprobisatzaileekin zerikusia duten filmak eta argazki erakusketak ikusteko aukera izango da Miramar Jauregian bertan.

Nori zuzendua
Gai aldetik duen aniztasuna ikusirik, hartzaile mota zabalari zuzendutako jardunaldiak dira: kantu inprobisatuari buruzko interesa duten zale, sortzaile eta adituentzat ez ezik, belaunaldiz belaunaldiko transmisioan lanean ari diren irakasleentzat, genero perspektibari buruz interesa duen ororentzat eta hizkuntza gutxituen inguruan kezka duten guztientzat oso jardunaldi aberasgarriak izango dira. Parte hartu nahi dutenei erraztasunak emate aldera, bost eguneko matrikula edo, nahi izanez gero, egunez egunekoa egin ahal izango da.

Izen ematea
Izen ematea zabalik da jada. Jardunaldiotan parte hartzeko izen ematea uztailaren 6ra arte egongo da zabalik EHUko Uda Ikastaroen webgunean (www.uik.eus atarian). Egun guztietan parte hartu nahi duten interesdunek 80 euroan izango dute matrikula eta egun bakarrera edo batzuetara joan nahi dutenek, 25 euroan eguneko.

Jardunaldi akademikoak Mintzola Ahozko Lantegiak; Donostia 2016, Europako Kultur Hiriburuak eta UPV/EHU Uda Ikastaroak elkarlanean antolatu dituzte.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa