Markina-Xemeingo Kontzejupean izan zen atzo Europa Bat-batean-eko emanaldia. Lehenengo aldiz kalean eta sardiniarren esanetan, beraiek egin ohi dutenera horrela hurbildu ziren gehien. Nerea Ibarzabal eta Jon Martin bertsolariak aritu ziren kantuan Simone Monni eta Paola Dentoni inprobisatzaile sardiniarrekin eta Kurdistango Zinar Ala-rekin.
Europa Bat-batean egitasmoak, Markina-Xemeinen izan zuen geltokia atzo. Bira honetako lehendabiziko aldiz ez zen aretoan izan saioa (Sardiniakoen esanetan beraiek han egiten dutenaren antzekoagoa). Kontzejupe dotoreak hartu zuen emanaldia, eta goxoa eta ona atera zen. Laburragoa ere bai, izan ere dagoeneko katalanen ordezkaritzak utzi gaitu eta oholtzan Simone Monni eta Paola Dentoni sardiniarrak, Kurdistango ordezkaria Zinar Ala eta bertsolarien izenean Jon Martin eta herritarra den Nerea Ibarzabal aritu ziren kantuan.
Azken egunetako molde eta nahasketak errepikatu ziren. Gero eta hobeto lotzen dira nahasketa hauetan, batez ere cantadoriak (sardiniakoek) gure ofizio moduetara hobeto egokitzen ari direlako. Sardiniarrek kantu, ahots eder eta polifoniaz gain, “launeddas” musika tresna erabili zuten. Kurdistango Zinar Ala dengbêj-ak, jendea kantuan, txaloka eta bakarren bat dantzan jarri zituen bere ospakizunetako doinu alaiekin.
Eta bukaeran, kalejira doinuan egin nahi izan zituzten agurrak. Izan ere, herriko pintxo-potearekin lotu zen saioa. Horrela, kanpotarrek egun berean ikasitako “Egun da Santimamiña” doinuekin inprobisatu zuten guztiek. Trikitixa eta panderoan, Michele Deiana eta eta Stefano Cara aritu ziren. Markina-Xemeingo kaleetan jarraitu zuen festak. Uztaritzeko saioa 20:00etan Gaur, ostirala arratsaldeko 20.00etan izango da Uztaritzeko emanaldia. Lapurdi Gelan Sardiniako, Kurdistango eta Euskal Herriko ordezkariak elkartuko dira ordu horretan. Bertsotan Miren Artetxe eta Maddi Sarasua ariko dira. Europa Bat-batean bertsotan: Eneko Arrate Itzultzaileen lana: Irati Majuelo