Larunbatean jokatu zen finala Amezketan 2016-05-04

Erniarraitzek irabazi du Pernando Amezketarra sariketa

Erniarraitzek irabazi du Pernando Amezketarra sariketa
Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegik osatutako Erniarraitzeko taldeak irabazi du Pernando Amezketarra sariketa. Larunbatean jokatu zen finala Amezketan eta kantukide izan zituzten Hernaniko Eli Pagola, Arnaitz Lasarte eta Oier Iurramendi. Hemen duzue Imanol Artola "Felix"-en kronika eta laster ikusgai izango dituzue bertsoaldi onenak.
Eneritz Artetxe, Haritz Garmendia eta Aitor Salegi-k osatutako Erniarraitzeko taldeak irabazi du "Pernando Amezketarra" sariketa. Larunbatean jokatu zen finala Amezketan eta kantukide izan zituzten Hernaniko  Eli Pagola, Arnaitz Lasarte eta Oier Iurramendi.

Hemen duzue Imanol Artola "Felix"-en kronika eta laster ikusgai izango dituzue bertsoaldi onenak.

I. Pernando amezketarra sariketa. Amezketan. Beartzana jatetxean. 70 lagun afaltzen. Saioa entzuten 80ren bat. Hernani eta Erniarraitz. Erniarraitz eta Hernani. Saio bizia. Polita. Azkenik, Erniarraitz garaile.

Pasa den larunbatean ospatu zen I. Pernando amezketarra sariketaren finala. Kantuan Oier Iurramendi, Arnaitz Lasarte eta Eli Pagola hernaniarrak. Eneritz Artetxe, Aitor Salegi eta Haritz Garmendia Erniarraitzetik. Jantokia bete jende eta giro aparta. Agurretik bertatik hasi zen entzulea gozatzen. Hernaniarrek sariketetako topikoez kantatu zuten ironi politez. Ernirraizkoek bertsolari bakoitzaren aurkezpena egin zuten, trikitixa lagun.

Puntu progresiboen ariketan hernaniarrek umeei tontoak bezala zergatik hitz egiten zaien galdetu zien felix ek.Ez zuten guztiz asmatu ariketa honetan. Erniarraizkoei kontzertuetan jendea adinaren arabera leku batean edo bestean jarri ohi dela tokatu zitzaien. Saio txukuna egin zuten.

Jarraian zortziko txikiko bi ariketa. Bata serioa, bestea alaia. Oier eta Aitor elkar ikusi ezin duen bikotea zen. Haritz berriz, ekainaren 26ko hauteskundeetan mahaian egotea egokitu zaiona eta Eli bozka ematera gaupasaz doana. Saio bizi eta polita egin zuten azken bi hauek.Haritzek lehen bertsoan "ta nahi bazu binaka/ bota ditzakezu" kantatu zuen eta "bi aldiz botatzeko/ halade naiz larri,/ ezin al zan txulua/ txikigua jarri" erantzun zion. "Hirugarren balde bat/ eskertuko nuke" amaitu zuen Elik bigarren bertsoa.

Ondoren bederatziko txikia. Bederatzi oinak emanda. Amaiera emanda. Eta puntu erdika. Erniarraitzekoek lanak banatu egin zituzten. Bederatzi oineko ariketan Eneritzek
bertsolariaren masoka izaeraz kantatu zuen. Aitorrek "guztia barkatzea/ nahiko du gero" amaiera emanda adarrak jartzen dizkion bikotekideari kantatu zion. Hernanitik Arnaitzek egin zituen hirurak. Bodega kontuak kantatu zituen 9 oinekin. "Ondo bizitzea da/ inportantea" amaiera tokatu zitzaion amaiera. Azkenik, Haritzek eta Arnaitzek egin zuten puntu erdika. Entzuleek sei bertsoak asko baloratu zituzten. Zortziko txikiko bigarren ariketan jendea piztu bazen, hemen are eta gehiago.

Jarraian kopletan egin zuten kartzelako ariketa. Hiru pisukideak, batek ahalik eta gutxien zikintzeagatik ahalik eta gutxien garbitu. Besteari berdin dio zikintzeak garbitzeko prest delako. Eta hirugarrenak, berea bakarrik garbitzen du. Bi kartzelak politak izan ziren eta publikoak biekin gozatu zuen. Finalaren azken txanpan Oier eta Eneritz hamarreko txikian jardun ziren. Biek sexua kezkatuta bizi dute, Oierrek batez bestekotik gora eta jende askorekin praktikatzen du sexua, Eneritzek berriz, batez bestekotik behera. Umore kutxua hartu zuen bertsoaldiak. Aitor eta Arnaitz puntu-erantzunetan. Oso saio ona atera zen azken hau. Saioan ateratako ideiei tiraka. Segidan, bi neskak izan ziren bakarka. Eli herri txiki bateko irakaslea, azken aldian haurrek geroz eta euskara gutxiago erabiltzen dutela ohartu da: "bideoak jarri ohi/ ditut
barrabarra,/ Txirrita, Lazkao Txiki/ ta amezketarra/ multimedia degu/ berritu beharra" amaitu zuen bigarren bertsoa. Eneritz berriz, 30 urteko down sindromedun baten ama da, gaur esan dio alabak bere kabuz bizitzen jarri nahi duela: "bere bizinahi horrek/ baliorik ez du" amaitu zuen bigarren bertsoa eta hirugarrena "ta astunegia bada/ daramazun zama,/ behar duzunean hor/ egongo da ama"

Horren jarraian puntutan jardun ziren librean bi taldeak. Biek ala biek beraien taldea izan dela nagusi kantatu zuten umore ederrez.

Finalak izan zuen beste berezitasun bat. Bertsolariek hitz ezkutu bat zuten eta hitz ezkutu hori ongien sartzen zuenak sari bat eramango zuen. Hitz ezkutua Doraemon zen eta Eli Pagolak sartu zuen ongien kopletako ariketan: "Ez garbitzeko daukat/ idea itzela,/ Doraemonen poltxiko/ baten bezela/ dena alfonbra azpira / sar daitekeela" . Doraemonen pelutxe bat eraman zuen etxera Elik.

Iker Iriartek eta Mikel Belokik osatu zuten epai mahaia eta baita publikoak ere eta hirurek erabaki zuten, hiruren balorazioetan alde txikiagatik bazen ere, Erniarraitz zela I. Pernando amezketarra sariketako irabazlea. Saioaren amaieran bai antolatzaileak, bai bertsolariak eta baita entzuleak ere aho zapore gozoarekin geratu ziren.



Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri