Agenda 2016-08-04

Bertso-saioz bete-betea dator asteburua

Erromon, Beran, Oiartzunen, Gasteizen, Donostian, Elgoibarren, Gernika-Lumon, Andoainen, Usurbilen, Abadiñon, Aian, Larraulen eta Elorrion izango dira saioak.
 Datorren asteburua izango da abuztuko lehenengoa eta, urtero bezala, bertso-saioz bete-betea dator.

 Gaur bertan lau saio

 Gaurko lau saio daude iragarrita.

 Alde batetik, Getxon Erromoko jaiak direnez bertso-jaialdi bat egingo da iluntzeko 20:30ean Txosnagunean. Jexux Mari Irazu, Agin Laburu, Etxahun Lekue eta Beñat Vidal ariko dira bertsotan.

 Jaietan dira Beran ere. Haurrei zuzendutako "Hor konpon Marianton" ikuskizuna izango dute arratsaldeko 18:00etan plazan. Aurretik, eguerdiko 14:00etan, jaietako bertso-bazkaria izango da Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Onintza Enbeitarekin.

 Oiartzunen ere jai-giroan sartuta dabiltza. Urtero bezala, gaur eguerdiko 12:00etan libreko saioa egingo dute Done Eztebe plazan. Patxi Etxeberria eta Agin Laburu dira bertan kantatzekoak.

 Beste lau saio bihar

 Bihar ere beste lau saio izango dira. Gasteizen bihar hasiko dira festetako bertso-saioak Aihotz plazan. Eguerdiko 13:20ean Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso jardungo dira kantuan.

 Aste Nagusiaren atarian da Donostia ere. Donostiako Piratetako Eskifaia Gazte Kofradiak "OINtziola" bertso txapelketa antolatu du. Joan zen asteburuan jokatu zen lehenengo kanporaketa eta bihar izango da bigarrena, iluntzeko 21:00etan, Arrano Elkartean. Ekaitz Arruti, Iker Gurrutxaga, Andoni Mujika, Beñat Mujika, Lierni Rekondo eta Jokin Zumeta dira bertan kantatzekoak.

 Elgoibarren Sallobente-Ermuarango jaiak dira. Afalostean Anjel Mari Peñagarikano eta Iker Zubeldia jardungo dira bertsotan.

 Gernika-Lumon, berriz, "Beer-tsosaioa" emanaldi berezia izango da iluntzeko 21:00etan Legoie tabernan.

 Bederatzi saio larunbatean

 Larunbata ere bete-betea dator. Gasteizen bi saio egingo dira. Alde batetik, egunero bezala, eguerdiko 13:30ean Aihotz plazan izango da saioa. Larunbatean Paula Amilburu, Oskar Estanga, Asier Otamendi eta Fredi Paia dira kantatzekoak, Aintzane Irazustaren esanetara. Ordu berean, baina Txosnagunean, "Bertso-ardo kata" berezia egingo dute Andere Arriolabengoak eta Julen Zulaikak.

 Erromon bertso-poteoa egingo dute festa giroan, iluntzeko 19:00etan Txosnagunetik hasita. Jon Maia eta Fredi Paia ariko dira bertsotan.

 Andoainen ere festak izango dira asteburuan Goiburu auzoan. Bertso-afaritan ariko dira Aitor Mendiluze eta Iker Zubeldia.

 Usurbilgo San Esteban auzoa ere festetan murgilduta dabil. Bertso-afaria izango da bertan ere Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Unai Mendizabalekin. Haritz Mujikak jarriko dizkie gaiak.

 Gernika-Lumon Gazte Eguna ospatuko da larunbatean, eta "Bertsoguda" saio berezia egingo dute arratsaldeko 17:15ean Pasealekuan.

 Abadiñoko Gerediaga auzoan Salbadore Jaien barruko bertso-jaialdia egingo dute gaueko 22:30ean. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio eta Jon Maia ariko dira bertsotan Amaia Agirre gai-jartzaile dutela.
 
 Donostian, berriz, Piratek antolatuta, "Bertsopiropoteoa" egingo dute Alde Zaharrean Miren Amuriza eta Onintza Enbeitarekin.

 Mutrikuko Txurruka plazan "Bat-batean" emanaldi berezia izango da gaueko 22:30ean. Oskar Estanga eta Jon Martin jardungo dira kantuan.

 Sei saio igandean

 Asteburua bukatzeko, beste sei saio izango dira igandean. Gasteizen, egunero bezala, eguerdiko 13:30ean jaialdia izango da Aihotz Plazan. Igandean Onintza Enbeita, Zigor Enbeita, Beñat Gaztelumendi eta Felipe Zelaieta ariko dira bertsotan, Nieves del Alamo gai-jartzaile dutela. Ondoren, iluntzeko 19:30ean, "Plaza bete poz" emanaldia izango da Peñaflorida parkean, Oskar Estangak gidatuta.

 Aian, Dema plazan, tradizio handiko bertso-jaialdia egingo dute gaueko 22:00etan. Amets Arzallus, Andoni Egaña, Agin Laburu, Maialen Lujanbio, Alaia Martin eta Iker Zubeldia dira bertan kantatzekoak. Sebastian Lizasok jarriko dizkie gaiak.

 Larraulen ere San Esteban jaiak ospatzen ariko dira asteburuan. Igandean bertso-saioa izango da Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Maialen Lujanbio eta Iker Zubeldiarekin.

 Elgoibarko Idotorbe-San Pedro auzoan egun osoko saioa egingo dute Aitor Mendiluzek eta Anjel Mari Peñagarikanok.

 Azkenik, Elorrion, Argiñetako Kofradi jaiak direla eta, bertso-kantu saioa izango da gaueko 22:00etan. Eneko Abasolo "Abarkas", Beñat Aiartza Santa Cruz, Txaber Altube eta Aritz Mugartegi jardungo dira kantuan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri