Hitzetik Hortzera 2016-10-21

Itziar Ituño izango da aste honetako gonbidatua

Basauri, Iurreta eta Urepeleko bertsoaldirik onenak eskainiko ditu programak igandean, arratsaldeko 15:00etan, ETB1en. Historikoen atalean Andoni Egañak Basaurin kantatutako hiru bederatziko txiki berreskuratuko ditu saioak.
 Igande honetan denboraldiko laugarren programa eskainiko du Hitzetik Hortzerak. Aste honetan Itziar Ituño aktore ezaguna izango da protagonista. Besteak beste, 2012an Basauriko San Fausto jaien pregoian kantatu zuen bertsoaz ariko da hizketan.
 
 Hiru saiotako bertsoaldiak

 Hala ere, plazako jardunak beteko du tarterik handiena aste honetako programan ere. Besteak beste, Oihana Bartra eta Jone Uria parrandan elkarrekin dabiltzan ama-alaben paperean ariko dira; zorriak dauzkaten haurren larrutik umoretik hazka egingo dute Sustrai Colinak, Maialen Lujanbiok, Igor Elortzak, Jon Maiak, Alaia Martinek eta Unai Iturriagak; Espainiako legioko ahuntzaren bahiketa misteriotsuaz ariko da Jon Maia; etxe huts batekin zer egin erabakitzen ahaleginduko dira Amets eta Maddalen Arzallus; alkoholemia kontrol batean elkartuko dira Jon Maia, Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus... Basauri, Urepele eta Iurretako saioetako bertsoaldi onenak eskainiko ditu aste honetako programak.

 Andoni Egaña bederatziko txikian
   
 Horrez gain, gogoratzeko moduko bertsoaldi bat ere berreskuratuko du Hitzetik Hortzerak. Arkaitz Estiballesek ariketa zaila jarri zion Andoni Egañari 2006an Basaurin: hiru hitz emanda, bederatziko txikian hiru bertso kantatzeko eskatu zion. Bertsolari batentzat dagoen neurri zailenetakoa da bederatziko txikia, eta maisuki bete zuen bere lana Zarauzko txapeldunak.

 Igandean ikusgai

 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

EHBT26 2026-10-10

Xabat Illarregi, Gotaineko gorabeherei bertsoz bertso eutsiz

Igotz Alkorta Irastortza

Bertsozale Elkartea 2026-10-09

Lau hamarkadako sarea

Irati Egibar Izeta

Txikitik handira 04 2026-10-08

Txapelketen sintonien notei jarraika

Bertsoak ez du adinik 2026-10-07

Adin-adin, bertsoa zabaltzen Nafarroako adinekoen egoitzetan

Igotz Alkorta Irastortza