Aiziritze eta Larresoroko finalaurrekoetako bertsoaldi onenak eskaintzeaz gain finalera iritsi diren sei bertsolariak elkarrizketatuko dituzte: Sustrai Colina, Amets Arzallus, Odei Barroso, Miren Artetxe, Maddalen Arzallus eta Xumai Murua.
Aste honetako Hitzetik Hortzeran sei finalistei egindako elkarrizketak izango dira ikusgai, eta txapelketan orain arte egindakoa aztertzeaz gain finalera begira dituzten sentsazioen berri ere emango dute.
Mattin Treku (1916-1981) bertsolari ahetzearra omenduko dute aurtengo Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko Bertsulari Xapelketan eta bere seme Panpili Trekuk jantziko dio txapela txapeldunari. Bertsolari maitatua izan zen Mattin, eta umorerako joera berezia bazuen ere, une hunkigarriak ere izan zituen oholtzan. Behin, bertso-saio batean atzerrian zuen semeari hiru bertso kantatu eta negarra irten zitzaion. Laguna hala ikusita, bertso-sorta bat idatzi zion Fernando Aire Xalbador (1920-1976) urepeldarrak. Pasarte hura gogoratuko du aste honetako programak.
Igandean ikusgai
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten EITB Nahieran-en.