Hitzetik Hortzera 2016-11-18

Arantzazu Loidi izango da aste honetako protagonista

Bertso-eskoletako lehenengo belaunaldiko kidea izan zen, Eskolartekoetan saritua izan ondoren plazetan aritua. Bera elkarrizketatuko dute aste honetako Hitzetik Hortzeran. Eta Arrasate, Eibar eta Iruñeko bertsoak entzuteko aukera ere izango da.
 Zentzu askotan bide-urratzailea izan zen Arantzazu Loidi aretxabaletarra. Almen Ikastolako bertso-eskolan hasi zen 80ko hamarkadaren hasieran, eta bertso-eskolatik ateratako bertsolarien lehenengo belaunaldiko kidea izan zen. Eskolartekoetan sari ugari eskuratzeaz gain, plazarako saltoa eman zuten lehenengo emakume bertsolarietako bat izan zen, eta Bertsozale Elkartearen lehendabiziko urteetan ere lan handia egin zuen. Behin oholtza gaineko jardunetik urrundu ondoren ere gertutik jarraitu du bertsogintza, epaile lanetan aritu izan baita, Eskolarteko Txapelketetan bereziki. Gaur egun PRH formazioak eskaintzen egiten du lan, Nortasunaren eta Giza Harremanen gaineko formakuntza eskaintzen alegia.

 Arantzazu Loidi izango da igande honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran. Bertso-eskolan, Eskolartekoan eta plazan egindako bideaz ariko dira berarekin, eta bertso-eskolek haur eta gazteen nortasunaren garapenean eskaini ditzaketen aukerez ere bai. Horrez gain, Ainhoa Agirreazaldegirekin elkartu eta emakume bertsolariek elkarrekin plazan egindako bideaz ere ariko dira.

 Historikoa Apotzagan
    
 Eskoriatzako Apotzaga Auzoko Elkartean egingo diote elkarrizketa Arantzazu Loidiri. Esanahi bereziko lekua da hau, gaztetan bertan aritu baitzen bertso-eskolan, eta saio ugari egin baitzituen bertan. Tartean, 1992an egindako saio bat: Arantzazu Loidi kantuan entzuteko aukera izango da programan, Jon Sarasuarekin eta Ainhoa Agirreazaldegirekin batera.

 Testurak Arrasaten
   
 Gaur egungo plazako jardunak ere izango du bere lekua aste honetako programan. Urteak dira emakume bertsolariak elkartzen hasi eta ahalduntze bidean jarri zirenetik. Bide horren emaitza da "Testurak" izeneko ekimena, Emakume Etxeak lotzen ari den bertso-saio sorta. Arrasaten hilaren 11n egin zuten saioa. Maite Berriozabalek gidatuta aritu ziren bertsotan Ainhoa Agirreazaldegi, Nerea Elustondo, Maider Arregi eta Oihana Bartra. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira programan.

 Iruñea eta Ermuako bertsoak ere bai

 Horrez gain, gaurkotasunari lotutako bertsoaldi gehiago izango dira aste honetako programan: Elizak errautsak zabaltzea debekatu duela eta gai horren inguruan ariko dira Amets Arzallus eta Andoni Egaña Ermuan. AEBetako hauteskundeek ere izan dute bere isla plazan: Ermuan bertan Obamaren zortzi urteen errepasoa egin zuen Amets Arzallusek eta Iruñean Hillary Clintonen eta Donald Trumpen arteko telefono-elkarrizketa irudikatu zuten Beñat Gaztelumendik eta Unai Iturriagak. Bi bertsoaldi horiek ere agertuko dira Hitzetik Hortzeran.

 Igandean ikusgai


 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten EITB Nahieran-en.
 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri