Larunbatean hasita 2016-12-01

Bertsolaritzak presentzia zabala izango du Durangoko azokan

Xabier Amurizaren bertso antologia, Xalbarrorren berrargitalpena, 'Mundu bat ahoz aho' dokumentala, Uxue Alberdiren ''Besarkada' lan saritua eta beste hainbat eduki. Hainbat ekitaldi ere izango dira.
Hemen da Durangoko Azoka eta aurtengoan ere bertsolaritzak presentzia zabala izango du bertan: argitalpenak, aurkezpenak, bertso ekitaldiak... Berriena, 'Mundu bat ahoz aho' munduko kantu inprobisatuari buruzko dokumentala izango da, Beñat Gaztelumendik zuzendua eta Mintzola Ahozko Lantegiak ondua. Hain zuzen ere Durangon aurkeztuko da, Irudienean, abenduaren 3an 11:30etan.

Euskadi Saria jaso duen Uxue Alberdiren 'Besarkada' kopla bidezko lana ere Durangon izango da. Nabarmentzeko bilduma eta berrargitalpenak ere izango dira aurtengoan. Xabier Amurizak aurten utzi du plazako bertsongitza eta Lankuk bertsolari handiaren bilduma argitaratu du KD bikoitzean. Batean txapelketako lanak bildu ditu eta libreko saioetako bertsoak bestean.

Fernando Aire Xalbador lanen berrargitalepena ere egin du Elkarrek, haren heriotzaren 40. urteurrenean. 'Odolaren Mintzoa' bertso liburua eta 'Herria eta Hizkuntza' diska izango dira Durangon. Xalbadorren harira, Lucien Etxezarretaren 'Xalbador azken bidean' (Maiatz) lana ere durango izango da. Xalbadorren hileta egunaren kronika egin du Lucien Etxezaharretak. Poema tajuko testuez eta zuri-beltzeko hamaika argazkiz hornitua, bertsolariaren baserria, gorpuaren garraioa, hileta elizkizunak eta ehorzketaren uneak jaso ditu.

Horretaz gain, Durangon izango dira: Amurizaren Hiztegi errimatuaren edizio berria, Gipuzkoako Bertsolari txapelketako liburua eta KDa, Amets Arzallusek Zinemaldian aurkeztu zuen Mugaminak dokumentala, Beira taldearen diska, Igelaren bandaren Debaldeko festa.

'Beti bezperako koplak'
Ikusentzunezkoen alorrean, lan berezi bat ere izango da Durangon, Ageda Kopla Taldeak zuzendua. Santa Ageda bezperako ospakizuna abiapuntutzat hartuz, Maialen Lujanbio bertsolariak genero indarkeriaren salaketa gordina egiten du (Euskadi Irratiko bere iritzi atalean egina). Bertsoz bertso, indarkeria matxistaren agerpen ezberdinak salatzen dira, bai eta hura gainditzeko gure ezintasuna ere. Kopla hauek aitzaki hartuta, hogei euskal artista gaztek sortze lan kolektibo bat zuzentzen dute animazio teknika ezberdinak erabiliz. Abenduaren 4an aurkeztuko da, 11:00etan, Irudienean.


Ekitaldi sorta zabala
Durangok bertsoalritzarekin lotutako ekitaldi sorta zabala izango du:

ABENDUAK 3, larunbata
Irudienea
11:30 Mundu bat ahoz aho dokumentala
12:30 Dokumentalen aurkezpenak:
Beñat Gaztelumendi, Mundu bat ahoz aho dokumentalaren zuzendari eta gidoilaria.
Amets Arzallus, Mugaminak dokumentaleko protagonista.
13:00 Mugaminak dokumentala

Areto nagusian
15:00etan: Liburu aurkezpena. 'Xalbador azken bidean' argazki liburua. Lucien Etxezaharretak eginik.


ABENDUAK 4, igandea
Irudienean:
11:00 KIMUAK. Beti bezperako koplak (5'22'') Laburmetraia, Ageda Kopla Taldeak zuzendua.

Ahotsenea
13:30 Oholtza performancea, Beñat Krolemen eskutik


ABENDUAk 5, astelehena
Ahotsenean
17:00 Testurak emanaldia Ane Labaka, Malen Amenabar, Nerea Elustondo eta Oihana Bartra "Testurak"
18:00 Xabier Paya eta Joxan Goikoetxea: Xabier Leteren "Gabon, Txirrita".

Areto Nagusian
18:30etan GOGOETAREN PLAZA: 'Andrazkoa Plazan'
Mahai ingurua: Iratxe Retolaza, Bego Montorio, Olatz Beobide ((H)emen) eta Ane Labaka. Aitor Abaroak gidatua.

ABENDUAK 6, asteartea

Areto Nagusia
11:00 "Hiztegi Errimatua" berrargitalpenaren aurkezpena, Xabier Amurizaren eskutik

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri