Hans von Vogelweide izeneko zinegilearen "Das Gekeife" ("Ahotsak") dokumentala berreskuratutakoan agertu dira Txirritaren irudiak. Plazan botatako bertsoak agertzeaz gain, Donostiako kaleetan barrena ageri da.
Bertsogintzaren historia alda dezakeen dokumentua agertu da Berlingo Zine Eskolan: Hans von Vogelweide zinegile alemaniarraren "Das Gekeife" ("Ahotsak") dokumentala agertu da eta, bertan,
Txirritari egindako grabazio batzuk daude. Gaur arte Txirritaren ahotsaren grabazio bakarra zegoela uste zen, baina dokumentalak hogei minutu eskaintzen dizkio bertsolariari. Besteak beste, Goizuetako plazan 1921eko abuztuan egindako bertso-saio bateko irudiak ageri dira, bertsolari anonimo batzuekin batera. Eta baita bestelako irudiak ere: Txirrita harriarekin lanean eta Donostiako kaleetan, besteak beste.
Ustez desagertutako ondarea Ustez desagertuta zegoen dokumentala zen "Das Gekeife" ("Ahotsak"). II Mundu Gerran galdu zen Hans von Vogelweideren arrastoa, soldadu zela. Zinegilearen etxea erre egin zuten tropa aliatuek, eta material ugari galdu zen orduan. Joan zen urrian, ordea, Berlingo Zine Eskolan dokumentalaren bobina batzuk agertu ziren, nahiko egoera onean. Antza denez, zine-zaleren batek bere etxean ezkutatu zuen obra, eta 50eko hamarkadan Eskolara eraman zuen, beste bobina askorekin batera. Hango sotoan egon da urteotan, eraikinaren berritze lanetan ari zirela agertu den arte. Dokumentalaren hasiera eta bukaera galdu badira ere, Txirritari eskainitako hogei minutuak nahiko egoera onean omen daude.
Bertsolaritzarekiko interesa Gauza jakina zen Hans von Vogelweide bertsolaritzarekin interesatua zegoela. Wilhelm von Humboldt (1767-1835) hizkuntzalari prusiarraren lanen bidez jakin zuen bertsolaritzaren berri, Euskal Herrian ibili baitzen euskara aztertzen. Geroztik, Europako jatorrizko kulturekiko interesa sortu zitzaion, eta bertsolaritza gertutik ezagutu nahi izan zuen. Itxura denez, Txirrita ez da grabatu zuen bertsolari bakarra, baina beste grabazioak gerran galdu ziren. Obra laster Euskal Herrira ekartzeko lanetan dabil Xenpelar Dokumentazio Zentroa, etorkizuneko ikerketetarako baliagarri izan dadin.