Hitzetik Hortzera 2017-01-06

Elgoibarko saiora Danele Sarriugartek gidatuta

Azken urteotan arrakasta lortu duen idazlea da Danele Sarriugarte elgoibartarra. Irakurzaletasunaz, idazle lanaz, Elgoibarrez eta bertsolaritzaz ariko da igandeko Hitzetik Hortzeran. Eta Galdakao eta Elgoibarko saioetako bertsoaldi onenak ere ikusi ahal izango dira.
 Izen ezaguna bilakatzen ari da letren munduan Danele Sarriugarte idazle elgoibartarra. 2012an Igartza Saria lortu ondoren, 2014an argitaratu zuen "Erraiak" liburua. Bera izango da igande honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Elgoibarko Gotzon Garate Udal Liburutegian egingo diote elkarrizketa, eta irakurzaletasunaz eta idazle bizitzaz ariko da. Ondoren, Elgoibarko antzokiraino gidatuko ditu Hitzetik Hortzerako kamarak, eta bertsolaritzarekin duen harremanaz hitz egingo du, eta baita herriaz ere.

 Jaialdi ederra Elgoibarren

 Elgoibarko bertso-jaialdiari tarte zabala eskainiko dio aste honetako programak. Abenduaren 28an izan zen saioa, Inozente Egunez, Amets Arzallus, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Oihana Iguaran eta Unai Iturriaga kantuan eta Uxue Alberdi gai-jartzen zirela, eta umoreak izan zuen tarterik: maitasunari ironiaz begiratu zioten Unai Iturriagak eta Maialen Lujanbiok; eta poeta erromantiko, iraultzaile eta "makarra" paperetik maitasunari kantatu zioten, hurrenez hurren, Amets Arzallusek, Oihana Iguaranek eta Unai Iturriagak.

 Dena ez zen umorea izan, ordea: Luhusoko eta Greziako atxiloketei kantatu zien Amets Arzallusek eta heriotzaz galdezka ari zen Oihana Iguaran alabaren galderei erantzuten ahalegindu zen Amets Arzallus bera.

 Gabon giroko saioa Galdakaon
 
 Ez zen Elgoibarkoa izan, ordea, Hitzetik Hortzerako kamerek jasotako bertso-jaialdi bakarra. Abenduaren 23an, eguberri bezperetan, Galdakaon aritu ziren Oihana Bartra, Etxahun Lekue, Miren Amuriza, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña eta Aitor Mendiluze, Arkaitz Estiballes gai-jartzaile hartuta. Bizkaiko Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Etxahun Lekue, eta beste laurek beren herrietara gonbidatu zuten kantura bertsoaldi eder batean. Ederra izan zen Miren Amurizak eta Maialen Lujanbiok Saturrarango kartzelaren inguruan osatutako ofizioa ere. Andoni Egaña eta Oihana Bartra berriz urte asko elkarrekin daramatzan bikotearen paperetik aritu ziren, sarkasmo puntu batekin. Gurasoei bakarkako hunkigarria eskaini zien Miren Amurizak Chavela Vargasen doinua hartuta; eta Greziako errefuxiatu-zelai batean kokatuta aritu ziren Aitor Mendiluze eta Etxahun Lekue.

 Igandean ikusgai


 Bertsoaldi horiek eta izango dira ikusgai igande honetan ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri