Hitzetik Hortzera 2017-01-13

Maider Unda gonbidatu igandeko Hitzetik Hortzeran

Borroka librea utzi berritan, egindako bideaz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ariko da. Amurrio eta Aramaioko bertsoaldi onenak entzungai izango dira. Historikoaren atalean, berriz, Andoni Egaña eta Xabier Perez "Euzkitze" haurrari izena jarri nahian ariko dira.
 Borroka librea utzi du oletarrak. Egindako bideaz eta bertsolaritzarekin duen harremanaz ariko da hizketan. Amurrio eta Aramaioko bertsoaldi onenak entzungai izango dira. Historikoaren atalean, berriz, Andoni Egaña eta Xabier Perez "Euzkitze" haurrari izena jarri nahian ariko dira.

 Aurpegi ezaguna da Maider Unda. Ibilbide oparoa egin du borroka librean. Tartean, brontzezko domina bat lortu zuen 2012ko Olinpiar Jokoetan. Bera izango da aste honetako gonbidatua Hitzetik Hortzeran, eta, kirol profesionala utzi berritan, egindako ibilbideaz eta aurrera begira dauzkan asmoez ariko da. Eta, noski, bertsolaritzaz ere jardungo da, gertutik ezagutzen baitu Xabier Amurizak Hitzaren Kirol Nazionala deitu ziona. Besteak beste, bertso bat Maider Undaren ahotik entzuteko aukera izango da igande honetako programan.

 Guraso izateari bertsotan

 Plazako jardunak bere tokia beteko du aste honetako programan. Hasteko, abenduaren 30ean Aramaion Peru Abarrategik, Iker Zubeldiak, Sustrai Colinak eta Oihana Iguaranek kantatutako bertsorik onenak entzuteko aukera izango da. Manex Agirre eta Xabi Igoa aritu ziren gai-jartzaile lanetan. Tartean, aita izan berri den Sustrai Colinari aholkuak ematen aritu zen Iker Zubeldia.

 Aste honetako historikoan ere gurasotasuna izango da gai. 1993an Lazkaon egindako jaialdian haurrarentzako izen bila jarri zituen Joxepa Madariaga gai-jartzaileak Andoni Egaña aitona eta Xabier Perez "Euzkitze" semea. Bertsoaldi umoretsua eskaini zuten.

 BECtekada Amurrion

 Urtarrilaren 6an, berriz, urteroko hitzordua izan zuten bertsozaleek Amurrion. Normalean Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsolariak aritzen dira bertan. Aurtengoan ere han aritu ziren kantuan Amets Arzallus, Igor Elortza, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Unai Iturriaga, Beñat Gaztelumendi eta Sustrai Colina. Baina Maialen Lujanbioren ordez Alaia Martin jardun zen kantuan. Gai-jartzaile lanak, berriz, Ainhoa Comasek bete zituen. Saio ederra atera zen Amurriokoa, eta bertako bertsoaldi onenak ere ikusgai izango dira Hitzetik Hortzeran.

 Igandean ikusgai

 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri