Gontzal Mendibilen ahotsak goxatuko du igandeko Hitzetik Hortzera
Historikoen atalean Iparragirreri buruzko ikuskizun bat izango da ikusgai, Gontzal Mendibil protagonista dela. Aste honetan Zeanuri, Amurrio eta Oiartzungo bertsoaldi onenak eskainiko ditu programak.
Elkarrekin harreman estua dute bertsoak eta musikak. Kantari asko aritzen dira bertsolarien hitzei doinua jartzen, eta bertsolari askok erabili izan dituzte aurrez kantariek osatutako doinuak. Gontzal Mendibilek ere gertutik ezagutzen du bertsolaritza: bere garaian bertsolarien hitzei musika jartzen aritu ondoren, bertso-eskolako ikaslea da gaur egun. Bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Hitzez eta kantuz goxatuko du igandeko saioa.
Iparragirreri buruzko musikala
Aspaldikoa da Gontzal Mendibilen eta bertsolaritzaren arteko harremana. Orain dela urte batzuk Jose Mari Iparragirre bertsolari eta kantari urretxuarrari buruzko ikuskizun erraldoi bat osatu zuen. Ikuskizunaren zatitxo bat eskainiko du igande honetako Hitzetik Hortzerak.
Gorbearen magaleko bertsoak
Zeanurin elkarrizketatu zuten Gontzal Mendibil, eta berarekin joan ziren kamarak hilaren 15ean pilotalekuan egin zen bertso jaialdira. Eñaut Intxaurraga aurkezle zela, seikote ederra jardun zen bertsotan: Jon Maia, Unai Iturriaga, Etxahun Lekue, Andoni Egaña, Alaia Martin eta Igor Elortza. Saioko bertsoaldi onenak ikusgai izango dira igandeko programan.
Amurrio eta Oiartzungo saioak
Baina Hitzetik Hortzerak ez ditu Zeanuriko bertsoak soilik eskainiko, beste bi saiotako bertsoaldiak entzuteko aukera izango baita. Amurrioko saiotik Alaia Martinek eta Amets Arzallusek osatutako ariketa ekarriko du programak: kaiola zabaldu berritik kantatuko du Amets Arzallusek.
Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.