Hitzetik Hortzera 2017-02-17

"Trabajadoriak" bertso trama eskainiko du Hitzetik Hortzerak

Frankismo garaian behartutako lanetan aritu ziren Oiartzun eta Lesaka artean dozenaka preso, Basarri tartean. Haien lanaren inguruko bertso trama osatu zuten Amets Arzallusek, Andoni Egañak, Eneko Fernandezek eta Alaia Martinek Iban Garro gidari zutela. Ale onenak eskainiko ditu igandeko Hitzetik Hortzerak.
 Frankismo garaian preso hartu eta behartutako lanetan aritu zirenei "Trabajadoriak" deitzen zitzaien Lesaka eta Oiartzun inguruetan. Aritxulegi inguruko errepide eta tunelak eraikitzeko lanetan aritu ziren, besteak beste. Ehunka lagun aritu ziren lan horietan, Inazio Eizmendi "Basarri" bertsolari ezaguna tartean. Langile horien inguruko bertso trama egin zen joan zen larunbatean Aritxulegin, eta trama horren ingurukoa izango da igandeko Hitzetik Hortzera.
 
 Aritxulegiko bertso trama

 Amets Arzallus, Andoni Egaña, Eneko Fernandez eta Alaia Martin aritu ziren bertsotan, Trabajadorien lanari ahotsa jarriz, Iban Garro gidari zutela. Trama hasi eta buka, pertsonaia bat gorpuztu zuen bertsolari bakoitzak, eta gerraosteko gertaera haien inguruan umorea eta sakontasuna tartekatu zituzten saioan zehar.

 Elkarrizketa sorta

 Tramari testuingurua emateko, elkarrizketekin osatuko da igandeko programa. Euskal Herriko azken errementarietako bat da Pedro Lanz, eta Lesakan bere lanekin osatutako erakustokian ariko da hizketan. Gerraostea hurbiletik ezagutu zuen, bere familia jazarri baitzuten Frankismoaren aldekoek. Bere aita behartutako lanetan aritu zen Oiartzun eta Lesaka inguruetan, eta garai haietako testigantza eskainiko du.

 Eta Estitxu Arozena ere ariko da hizketan igandeko programan. Trama prestatzeko lanetan aritu zen Iban Garrorekin batera, eta tramaren nondik norakoak azaltzeaz gain emanaldia antolatzeko motiboen berri ere emango du.

 Igandean ikusgai

 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.
 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu