Hitzetik Hortzera 2017-02-24

Hernani eta Iturengo gutiziak Hitzetik Hortzeran

Sukaldaritzari lotutako programa izango da igandekoa. Batetik, Basque Culinary Center-en kantatutako bertsoaldi onenak izango dira ikusgai, eta baita Iturengo Kontu Eguneko bazkalosteko une gogoangarrienak ere.
 Sukaldaritzak eta bertsolaritzak harreman estua izan dute urte luzeetan. Horren lekuko izango da igande honetako Hitzetik Hortzera. Sukaldea gai bilakatutako bi saio izango dira programaren ardatz.

 Kontu Eguna Iturenen

 Ezagunak dira Iturengo Inauteriak. Azkeneko egunean, Kontu Egunean alegia, bazkaria egin ohi da herriko ganbaran, asteko kontuak egin eta festak merezi bezala borobiltzeko. Urtero-urtero bertsolariak aritu ohi dira bazkalostean kantuan, eta aurten ere Amets Arzallus eta Iker Zubeldiak kantatu dute, urtero bezala giro beroan. Saioko bertsoaldi onenak bilduko ditu igandeko programak.

 Horrez gain, saiorako bazkaria prestatzen aritu ziren Kristina Juankorena eta Marijose Apeztegia elkarrizketatuko ditu beren lanaren berri jakin eta Iturenek eta bertsoak duten harreman bero horren nondik norakoak gertutik ezagutzeko.

 Gutiziak Basque Culinary Center-en
    
 Aste honetako bigarren saioa Basque Culinary Center-en grabatua izango da. Otsailaren 17an Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Iker Zubeldia eta Unai Agirre aritu ziren bertan kantuan, Aitor Mendiluze gidari zutela. Sukaldaritza gai hartuta aritu ziren kantuan, eta saio umoretsua osatu zuten.

 Gaur egungo sukaldaritza modernoaren berri gertuagotik ezagutzeko Juan Mari Arzaken sukaldera ere joango da Hitzetik Hortzera bisitan, eta bertsolaritzarekin duen harremanaren berri ere emango du.

 Igandean ikusgai

   
 Hori dena eta askoz gehiago igande honetan izango da ikusgai ETB1en, arratsaldeko 15:00etatik aurrera. Eta laster interneten ere bai, EITB Nahieran-en.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa