Larunbatean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Bertsozale Elkarteak atzo aurkeztu zuen ekitaldia. Luzia Goñi 89 urteko bertsolariak jarriko du txapela. Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, larunbat goizera arte.
Larunbatean jokatu da Nafarroako Bertsolari Txapelketako finala, Iruñeko Anaitasuna kiroldegian. Bertsozale Elkarteak atzo aurkeztu zuen ekitaldia. Zortzi bertsolari arituko dira kantuan: Julio Soto, Xabi Maia, Eneko Fernandez, Eneko Lazkoz, Aimar Karrika, Ander Fuentes 'Itturri', Xabier Terreros eta Julen Zelaieta. Zortzi bertsolarien artean, bakarra da final batean lehen aldiz parte hartuko duena: Xabi Maia. Gainerakoek, eskarmentu handia dute finaletan. Izan ere, hamargarren parte hartzea izango du Julen Zelaietak, zortzigarrena Julio Sotok, bosgarrena Xabier Terrerosek eta Eneko Lazkozek, eta hirugarrena Ander Fuentes ‘Itturrik’, Eneko Fernandezek eta Aimar Karrikak. Finalisten artean txapeldunak izandakoak ere badira: Julio Soto (hirutan) eta Julen Zelaieta (behin). Finalak, beraz, era guztietako ibilbideak, ertzak eta kantaerak bilduko ditu, oholtza berean.
2017an Txapelketa Nagusia ere jokatuko da eta Nafarroatik finaleko lehenbiziko bostek eskuratuko dute txartela.
Luzia Goñi bertsolariak jantziko du txapela Aurtengo irabazleari Luzia Goñi bertsolariak jarriko dio txapela. 1928an jaio zen Aizarotzen, orain 89 urte. Ogibidez sukaldaria, bizi osoan zehar mantendu du bertsogintzarako afizio eta sorkuntza. Ehunka bertso idatzien egile da, eta atzoko eta gaurko askotariko gai eta gertakarien kronika ederrak dira haren lanak. Bere garaiko emakume gehien-gehienen antzera, ordea, plaza publikoan jarduteko aukerarik ez du izan. Luzia Goñiri egindako omenaldi txiki honek, beraz, hamarkadetan zehar bertsogintzaren alde lan isilean aritu diren emakume guztientzako aitortza ere izan nahi du, Nafarroako Bertsozale Elkarteak aditzera eman duenez. Transmisio arloan egiten den lana saritu eta ikusarazi nahian, gainera, Nafarroako gaztetxoen eta helduen bertso eskoletako kideak izango dira txapela ez den gainerako sariak emango dituztenak.
Otsailean hasita Otsailaren 18an abiatu zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa Tafallan, eta ordutik, zortzi plazatan gelditu da, 1.500 entzule inguru bilduz. Ipar, hego, mendebalde eta ekialde, bertsolaritza Nafarroako bazter ugaritara eramateko apustua egin du aurten Nafarroako Bertsozale Elkarteak, arrakastaz. Hori guztia ez litzateke posible bertsolaritzaren inguruan lanean ari diren gai-jartzaile, epaile, eta hamarnaka bolondresen ekarpena gabe.
Nafarroako Bertsolari Txapelketa, izan ere, urtean zehar egiten den lan isilaren fruitua da. Aurtengo parte hartzaile kopuruak, inoizko handienak, erakusten duen sasoi ona estuki lotuta dago azken urteotan Nafarroako Bertsozale Elkarteak transmisio arloan egin duen lanarekin. Hezkuntza arautuko programaren eta herriz herri eta bailaraz bailarako bertso eskolen bitartez, gazte eta helduek bertsolaritza ezagutzea lortzeaz gain, horretan aritzeko aukerak ere ematen zaizkie.
Zortzi bertsolari hauetatik txapeldun zein izango den argitzeaz gain, udazkenean abiatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusirako nafar ordezkariak nortzuk izango diren ere zehaztuko du finalak. Bost izango dira aurten Txapelketa Nagusian ariko diren Nafarroako bost bertsolariak, finaleko lehen bost sailkatuak hain zuzen ere.
Sarrerak www.bertsosarrerak.eus gunean
Finalerako sarrerak www.bertsosarrerak.eus atarian eskuratu ahal izango dira, larunbat goizera arte. Ostiralera arte, gainera, Nafarroako sei salmenta puntuetan ereizango dira: Iruñeko Karrikiri dendan, Elizondoko Fantxike dendan, Lesakako Okindegian, Leitzako Maimur liburudendan, Etxarri Aranatzeko Xapatero tabernan eta Lizarrako Katxetas tabernan. Larunbatean bertan, gainera, Anaitasunako leihatiletani izango dira salgai, 11:00etatik 13:30etara, eta 15:00tatik 17:00etara.
Anaitasunako ateak 16:00etan zabalduko dira. Nafarroako Bertsozale Elkarteak, saiora denboraz gerturatzeko gomendioa egin nahi du.