Bertsolari Txapelketa Nagusiak 2017-06-16

Andoni Egaña eta Unai Iturriaga soinekoa aukeratzen

1993an lehenengoz jantzi zuen txapela Andoni Egañak. Urte hartan, estrainekoz finalera sailkatu zen Unai Iturriagarekin binaka aritu zen zarauztarra, saio umoretsu batean.

 Bertsolari Txapelketa Nagusia badatorrela eta, irailera bitarte orain arteko txapelketetako bertsoaldi historikoak berreskuratzen ari da Bertsoa.eus. Gaurkoan 1993ko finaleko bertsoaldi bat ekarri dugu.

 Jendetza Donostiako Belodromoan

 Donostiako Belodromoan jokatu zen hirugarren finala izan zen 1993ko abenduaren 19koa. Bertsolaritza "boom"-aren garaian zegoen bete-betean: telebistarako jauzia emana zuen, eta hamarkada bat lehenago finaletako oholtzarako jauzia emandako bertsolari belaunaldiak hartua zuen plazako lekukoa. Poliki-poliki bertsoa esparru berrietara sartzen ari zen.

 1993ko final hartan ordura arte inoiz sartutako jendetza handiena sartu omen zen Belodromoan. Oholtza ere ohikoa ez zen lekuan jarri zen: ertz batean. Hala, harmaila zabalenak ezker-eskuin geratzen ziren eta "pelouse"-an aulkiak luze.

 Andoni Egañaren lehenengo txapela

 Finalean lehendik ere aritutako bost bertsolari aritu ziren: Andoni Egaña, Xabier Euzkitze, Sebastian Lizaso, Jon Enbeita eta Anjel Mari Peñagarikano. Eta bost horiekin batera, bertsolari belaunaldi berri bateko lehenengo ahotsak: Aritz Lopategi, Jokin Sorozabal eta artean 19 urte baino ez zituen Unai Iturriaga. Durangarra beste bost aldiz sailkatuko zen gerora finalera.

 1993an Andoni Egañak lehenengoz irabazi zuen Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapela. Urte hartako apirilean hil zen Lazkao Txikiri kantatu zion bukaerako agurra.

 Andoni Egaña eta Unai Iturriaga soinekoa aukeratzen

 Final hartatik Unai Iturriagak eta Andoni Egañak osatutako bertsoaldi bat ekarri dugu gaurko. "Iparragirre abila dela" doinuan aritu ziren kantuan. Bi neska lagunen larrutik kantatu zuten: etxe oneko mutil batekin zita zeukan Unaik, eta soinekoa eskatu zion Andoni lagunari. Bertsoaldi umoretsua osatu zuten.

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu