Xabier Amurizari Elkarrizketa 2017-08-17

Xabier Amuriza: bi txapel eta eztabaida ugari

1980an eta 1982an Bertsolari Txapelketa Nagusiko txapeldun geratu zen Xabier Amuriza. Bere bertsoa ulertzeko modua zela eta eztabaida ugari jasan behar izan zituen. Horri buruz galdetu dio Andoni Egañak.

 2016ko apirilaren 29a. Bertsozale askoren gogoan iltzatuta geratuko den data da. Egun hartan egin zuen Xabier Amurizak bere azkeneko bertso-saioa Altzon, alaba, Miren Amuriza, bertsokide zuela. Aurretik, lau hamarkadatako bertso-ibilbide oparoa osatua zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapel jantzita.

 Belaunaldi desberdinetako bertsolarientzat erreferente izan da Xabier Amuriza. Tartean, Andoni Egañarena. Zarauztarrak egindako elkarrizketa mamitsua argitaratzen ari gara, astez aste, Bertsoa.eus-en.

 Baldan jendea kabitu ezinik

 80ko hamarkadak berritu handi bat ekarri zuen bertsolaritzara. 1967an jokatu zen azkeneko Bertsolari Txapelketa Nagusia, Xalbadorrek txistualdia entzun behar izan zuen hura hain zuzen ere. Ordutik, 13 urteko isilunea. 1980an berriz ere txapelketa antolatzeko erabakia hartu zuen Euskaltzaindiak. Bertsolarien artean ezadostasunak izan ziren, eta plazetan asko zebiltzan bertsolari batzuk ez ateratzeko erabakia hartu zuten. Xabier Amurizak izena eman zuen ordea. Ondo gogoan du finalean Baldak zuen itxura: jendea kabitu ezinik.

 Eztabaidaren erdian

Xabier Amurizak kontatzen duenez, ordurako bazen polemikarik bere inguruan. Apaiz izana, kartzelan egona, zutabegilea... denek ez zuten gustuko. Bertsolaritza ulertzeko modu berria zekarren gainera. Ordurako hasia zen bertsotan ikasteko metodologia garatzen, eta oholtzan ere bestelako doinu eta neurriak sartzen saiatzen ari zen. Eten bat zekarren garaiko zenbait bertsolari eta bertsozaleren ikuskerekiko. Hala, bere bertsoa ulertzeko modua oholtzan erakutsi eta frogatzeko gogoz iritsi zen Baldako final hartara.

 Belaunaldi askoren erreferente

 1980ko txapelketan Xabier Amurizak jantzi zuen txapela. Andoni Egañak ondo gogoan du final hura: joaterik izan ez bazuen ere gerora entzun zituen han kantatu ziren bertsoaldi gehienak, eta Xabier Amuriza bere erreferente izan zela onartzen du. Gerora askok aitortu izan dute erreferentzialtasun hori.

 "Enaz banaz"

 Garai haietako sentsazio eta eztabaidak "Enaz banaz" liburuan bildu zituen Xabier Amurizak. Izenburuak berak dakar bere sentsazioen funtsa: askok zalantzan jartzen zuten bertsolari ba ote zen ere. Sektore handi bati ez zitzaion gustatu berak txapela janztea eta, aldeko sutsuak ere bazituen arren, plazarik plaza gertutik nozitu behar izan zituen bere inguruko eztabaiden ondorioak.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari