Xabier Amurizari Elkarrizketa 2017-08-10
2016ko apirilaren 29a. Bertsozale askoren gogoan iltzatuta geratuko den data da. Egun hartan egin zuen Xabier Amurizak bere azkeneko bertso-saioa Altzon, alaba, Miren Amuriza, bertsokide zuela. Aurretik, lau hamarkadatako bertso-ibilbide oparoa osatua zuen, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko bi txapel jantzita.
Belaunaldi desberdinetako bertsolarientzat erreferente izan da Xabier Amuriza. Tartean, Andoni Egañarena. Zarauztarrak egindako elkarrizketa mamitsua argitaratuko dugu, astez aste, Bertsoa.eus-en.
Heldu bakartua kartzelan
Franco hil ondorengo urteetan borborka zegoen Euskal Herria. Ikastolen aldeko mugimenduak, euskararen aldekoak, AEKren gau eskolak... Herri mugimendua egoera irauli nahian ari zen, eta, tartean, bertsolaritzan ere aldaketak izan ziren. Ordura arte esaten zen bertsolariak jaio egiten zirela, jaiotzatiko dohai bat eduki behar zela bertsotan aritzeko, baina uste hori kolokan jartzen hasiak ziren batzuk. Apaiz bezala bizi izandako urte zurrunbilotsuen ondoren Zamorako apaiz kartzelan zegoen Xabier Amuriza, hainbat kiderekin batera. Bertsogintza aztertu eta ohartzen hasia zen hizkuntzaren baliabideetako batzuk bakarrik erabiltzen zituztela bertsolariek, bereziki erriman. Errima lantzeko metodologia berri baten bila hasi zen kartzelan zulo bilakatutako orduetan.
Azkueren hiztegia oinarri
Bertsogintza iraultzeko errima hartu zuen oinarri, beraz, Xabier Amurizak. Azkueren hiztegia hartu eta atzekoz aurrera antolatzeko lanetan hasi zen kartzelan, ondoan zeuzkan apaiz-lagunekin elkarlanean. Eskuz egin behar izan zuten lana, idazteko makinarik ezin baitzuten ziegara sartu. Behin kartzelaldia bukatutakoan, etxean txukundu eta osatu egin zuen errimategia, makinaz. AEK-k argitaratu zuen Hiztegi Errimatua, Hitzaren Kirol Nazionala liburuarekin batera.
Bertso munduko eztabaidak
Hiztegi Errimatua bukatutakoan, egindako lanaren kopiak bertsolarien artean banatzeari ekin zion. Denetariko erreakzioak sortu zituen Xabier Amurizak egindako lanak, askok mesfidati jaso baitzuten bertsotan ikasi egin zitekeenaren ideia. Hiru eztabaida zeuden funtsean: ea bertsolaria jaio egiten den edo ikasi egiten duen; ea euskaldunberriek bertsotan egin ote dezaketen eta ea emakumeak gai ote diren bertsotan aritzeko. Urteen poderioz hiru eztabaida horiek gainditu egin dira, baina garai haietan polemika eta eztabaida iturri izan ziren.
Lehenengo bertso-eskolak
Xabier Amurizak ez du bere burua bertso-eskolen sortzailetzat ikusten, ordurako bertso-eskola bat baino gehiago baitzeuden martxan. Baina liburua ateratakoan hitzaldiak ematen hasi zen Euskal Herriko txoko guztietan barrena, eta ordurako abiatuta zegoen bertso-eskolen mugimenduak abiada bizia hartu zuen. 1980ko Bertsolari Txapelketa Nagusian, gainera, txapeldun geratu zen Xabier Amuriza, eta horrek lagundu egin zion bere teoria frogatzen, txapel polemikoa izan bazen ere.
Polemikak polemika eta eztabaidak eztabaida, "bizitza eder bat izan zen" esanda laburtzen du Xabier Amurizak orduko ibilera. Hizkuntzarekiko entusiasmoa eta aktibismoa aurkitu zituen hitzaldietan, eta bertso-eskolak bere toki kuttun bilakatu ziren. Halaxe dira gaur egun ere.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-30
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-23
Ekhiñe Zapiain Arlegi - Bortzirietako bertso eskolako kidea 2025-01-21
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2025-01-16