18 bertsolarik hartuko dute parte 2017-09-27

Bertsokabi gazte sariketa berria Nafarroan, binaka

Bertsokabi gazte sariketa berria Nafarroan, binaka
Urriaren 5ean hasiko da eta hiru kanporaketa izango ditu eta. Finala urriaren 26an izango da, Iruñean.
Sariketa berria jarriko da abian Nafarroan, Bertsozale Elkartearen eskutik: Bertsokabi - Eugenio Arraiza Sariketa. Berezitasun nagusia da bertsolariak binaka kantatuko dutela. 18 bertsolarik hartu dute parte, 16-30 urte bitartekoak. Hiru kanporaketa eta finala izango ditu. Urriaren 5ean hasi eta 26an jokatuko da finala eta Iruñerriko taberna eta gaztetxetan jokatuko da.
Kanporaketa bakoitzean gailentzen den bikoteak lortuko du finalerako pasea.
 
Hau izango da sariketaren egitura:

1. kanporaketa. Urriak 5, 19:30ean, Iruñeko Suberri Tabernan

• Iker Gorosterrazu eta Ander Baiano
• Alazne Untxalo eta Irati Majuelo
• Patxi Castillo eta Egoitz Gorosterrazu

2. kanporaketa. Urriak 11, 19:30ean, Iruñeko Herriko Tabernan

• Joanes Illarregi eta Ekain Alegre
• Josu Sanjurjo eta Iñigo Gorostarzu
• Mikel Lasarte eta Idoia Granizo

3. kanporaketa. Urriak 20, 20:30ean, Barañaingo Gaztetxean

• Amaia Elizagoien eta Xabat Illarregi
• Saioa Alkaiza eta Aitor Irastortza
• Saats Karasatorre eta Unai Artieda

Finala. Urriak 26, 19:30ean, Iruñeko Arrano Elkartean

Hemezortzi bertsolariez gain, beste lagun andana bilduko ditu sariketak egitasmoaren inguruan. Nafarroako eskualde eta bertso-eskola ezberdinetako kideak aritu dira saioetarako gaiak prestatzen. Saioak epaitzeko ardura, ordea, publikoak hartuko du, ikusleen artean banatuko diren epaitze orrien bitartez.

Sariketa berri bat, Xalto Sariketa ordezkatzeko

Egun, Nafarroako Bertsolari Txapelketa eta Bardoak taldekako bertso ekimenarekin batera, bertsolari gazte eta hasiberrientzako sariketak dira Nafarroako Bertsozale Elkartearen sustapen arloko egitasmo nagusiak. Azken urteetan, txandaka, bi sariketa nagusi antolatu ditu elkarteak Nafarroan, Xalto Sariketa (Andres Narbarte ‘Xalto’ bertsolariaren omenez, Goizuetan) eta Izeta Sariketa (Mariano Izetaren omenez, Elizondon). 1992an antolatu zen lehenbizikoz Xalto Sariketa, eta hamairu edizio jokatu dira ordutik. Izeta Sariketak, aldiz, segiarren aldia izan zuen iazkoa. Xabier Silveira, Estitxu Arozena eta Julio Sotoren gisako bertsolariak, gerora Nafarroako txapeldun izandakoak, izan dira halako sariketetan txapeldun.

Hainbat arrazoi medio, Xalto Sariketa berriz ez antolatzea erabaki zuen iaz Nafarroako Bertsozale Elkarteak. Bere tokian, edonola, sariketa berri bat martxan jartzeko hautua egin zuen elkarteak, eta egitasmo berri hori Iruñerrian txertatzeko asmoa nabarmendu zuen. Hala jaio da BERTSOKABI-Eugenio Arraiza Sariketa, aurten lehen aldiz ospatuko dena.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri