Astelehenero 22:30etan ETB1en 2017-10-24

“Aulki-jokoa” telebista saio berria hasiko da ETB1en

“Aulki-jokoa” telebista saio berria hasiko da ETB1en
Edurne Azkarate aurkezlea eta bere bide-lagun izango den Andoni Egaña bertsolaria
Urriaren 30ean hasiko da "Aulki-jokoa" telebista programa berria. Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta bertsolaritzari buruz arituko den telebista-programa berria. Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta hainbat bide-lagun izango ditu.

“Aulki-jokoa” hasiko da ETB1en, Bertsolari Txapelketa Nagusia ardatz hartuta bertsolaritzari buruz arituko den telebista-programa berria. Urriaren 30ean hasita astelehenero 22:30ean izango da.

Edurne Azkaratek aurkeztuko du eta hainbat bide-lagun izango ditu; batzuk asterokoak eta noizbehinkakoak besteak. Andoni Egaña bertsolariak Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoetako saioen berri emango du, eta egungo bertsolaritzaren gakoak eskainiko ditu, astero astero.

Juantxo Zeberio musikariak bertso-doinu bat ekarriko digu astero. Edurne Azkaraterekin batera aztertuko ditu bertso-doinuen jatorrizko abestiak eta bertsotarako egindako moldaketak.

Bertsolariak, Txapelketako antolatzaile eta parte-hartzaileak, aktore, kirolari eta idazle ezagunak, bertso-eskolak… horiek guztiak izango dira Edurne Azkarateren bide-lagunak udazkeneko bidaian.

Txapelketa Nagusiaren atzeko aldea bistara

Nola eraikitzen da Txapelketa Nagusia? Galdera horri erantzuten saiatuko da astero astero Edurne Azkarate. Horretarako, Txapelketako saio aurreko eta osteko lanak egingo ditu arduradunekin batera, antolaketaren atzeko aldea bistaratuz. Lehenengo atalean, Bertsozale Elkarteko kide den Jon Agirresarobek aretoa nola prestatzen den erakutsiko du, goizeko pilotaleku hotzetik arratsaldeko bertso plaza goxora.

Horrez gain, Bertsolari Txapelketa Nagusiko bertsoak, bertsolariek sortu edo moldatutako doinuak, pasatako Txapelketetako bertso gogoangarriak eta bertsolarien prestaketa-lana ekarriko ditu telebista-saioak.

Beraz, urriaren 30etik aurrera leku bat gehiago izango du bertsolaritzak Euskal Telebistan. Astelehenetan, gaueko 22:30etatik aurrera ETB1en.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ekoiztutako saioa

“Aulki-jokoa” telebista saioa Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak ekoiztu du Euskal Telebistarekin lankidetzan eta Lander Garrok egingo ditu zuzendari- eta gidoilari-lanak.

 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu