Aulki-Jokoa telebista programa 2017-11-27

Ezusteko gehiagorekin dator Aulki-Jokoa

Ezusteko gehiagorekin dator Aulki-Jokoa
Bertsolaritza, literatura, musika, argazkigintza… arte-diziplina horiek guztiak izango ditu asteleheneko “Aulki-Jokoa”-k. Artistiko eta ezustekoz beteta dator beraz asteleheneko saioa. Gaueko 22:30ean ETB1en.

Berri Txarrak taldeko bateria-jolea da Galder Izagirre, eta argazkilaria da baita ere. Lehenengo ofizioa ez, baina bigarrena behin baino gehiagotan gurutzatu zaio bertsolaritzarekin. Txapelketa Nagusiko argazkilaria izan da: hainbat euskarritarako argazkiak atera dizkie bertsolariei eta bertso-saioei askotan begiratu die argazki-kameraren atzeko zulotxotik. Txapelketa Nagusiaren ikuspuntu berezi hori erakutsiko dio Galder Izagirrek Edurne Azkarateri Donibane Lohizuneko saioan.

Zeresan handia ema ohi dute Txapelketa Nagusiko gaiek. Gustukoak izaten dira batzuetan eta kritika-iturri beste askotan. Gai-jartzaile taldearen ardura da saioetako gaiak prestatzea eta euren bilera batean sartu ditugu gure kamerak nola lan egiten duten ikusteko.

Miren Amurizarekin egingo dugu aste honetan doinuen bide ezkutua. “Zimur zimur egina da” doinua sortu zuen berak Chavela Vargasen “Se me olvidó otra vez” kantuan oinarrituta. Edurne Azkaratek Juantxo Zeberiorekin batera aztertuko du jatorrizko kantua eta bertso-doinua, pianoa lagun dutela. Eta Euzkitzerekin 1993ko Txapelketa Nagusira joango gara, eta zezenaren lekuan jarrita kantatu zituen bertsoak oroituko ditugu.

Donibane Lohizune bertsoaldi onenak Andoni Egañak hautatuta

Igandean Donibane Lohizunen jokatuko da Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko azkenaurrena. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio ariko dira kantuan eta saioaren balorazioa egingo du astelehenean Andoni Egañak.

Aulki-Jokoa, astelehenean 22:30ean ETB1en.

Donibane Lohizuneko bertso onenak astelehen gaueko Hitzetik Hortzeran

Gaur gauean, “Aulki-Jokoa” programaren jarraian, Donibane Lohizunen atzo jokatu zen saioko bertsoaldi onenak eskainiko dira gaueko 23:30etatik aurrera ETB1en. Donibane Lohizunen jokatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko seigarren finalaurrekoa, bigarren itzuliko azken aurrena. Agin Laburu, Igor Elortza, Iñaki Apalategi, Jone Uria, Julio Soto eta Maialen Lujanbio aritu ziren kantuan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri