Hitzetik Hortzera 2018-01-18

Ximun Fuchs eta Amurrio, Baiona, Elgoibar eta Getariako bertsoak

Antzerki-lan ezagun ugaritan parte hartzeaz gain, "Non" filmaren egilea ere bada Ximun Fuchs. Berarekin egindako elkarrizketaz gain Baiona, Amurrio, Elgoibar eta Getariako bertsoaldiak ere eskainiko ditu aste honetako programak.

 Bete-betea dator aste honetako Hitzetik Hortzera programa ere. Aste honetan Ximun Fuchs aktore eta zuzendaria izango dugu gonbidatu moduan. Antzerki-lan ezagun ugaritan parte hartu izan du: "Errautsak", "Hamlet" eta "Francoren bilobari gutuna" lanetan esate baterako. Horrez gain, "Non" filmaren egileetako bat ere bada. Berarekin egindako elkarrizketa mamitsua eskainiko du aste honetako programak.

 Seaskaren alde Baionan

 Joan zen urtarrilaren 12an Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze, Aitor Sarriegi, Igor Elortza eta Beñat Gaztelumendi aritu ziren kantuan Baionako Antzokian, Seaskaren alde. Hango bertso batzuk ekarriko ditugu aste honetako programara. Besteak beste, zaborren eta txapelketaren inguruan kantuan entzungo ditugu bertsolariak.
 
 Dietan Amurrion

 Gabonetako oporraldian bertso jaialdia egin zen Amurrion ere. Eguberrietako otordu-giroan, dietaren inguruan kantuan aritu ziren Aitor Sarriegi eta Jon Maia. Ale eder eta umoretsuak utzi zituzten, eta igandeko programan eskainiko ditugu.

 Ohorezko sakeaz Getarian

 Sare sozialetan bolo-bolo ibili da Maialen Lujanbiok joan zen igandean Realak eta Bartzelonak jokatu zuten futbol partiduan egin zuen ohorezko sakearen irudia. Partidura joan aurretik Getarian aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio Bera, Amets Arzallus, Aitor Sarriegi, Aitor Mendiluze, Sustrai Colina eta Igor Elortza. Uxue Alberdi gai-jartzaileak ohorezko sakearen inguruko gai bat jarri zien Maialen Lujanbiori eta Amets Arzallusi, eta bertsoaldi hori ere ekarriko dugu pantailara.

 Horrez gain, Elgoibarko jaialdiko bertso on batzuk ere izango dira gozagai.

 Igande bazkalostean ikusgai
 
 Astero bezala, igande bazkalostean izango da hitzordua, 15:00etan, ETB1en. Eta interneten ere eskueran izango da programa http://www.eitb.tv/eu/ atarian.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa