Hitzetik Hortzera 2018-02-16

Baigorri protagonista igandeko programan

Amets Arzallusek, Sustrai Colinak eta Jone Uriak afalostean egindako saioko bertso onenak eskaintzeaz gain Etxauzia gazteluaren berri emango du programak, Antton Curutcharry gidari hartuta. Eta Errigoitin Xabi Payak eta Onintza Enbeitak botatako bertsorik onenak ere izango dira ikusgai.

 Baigorriko herria izango du ardatz aste honetako Hitzetik Hortzerak. Herriaren tontor batean dagoen Etxauzia gaztelua ezagutzeaz gain, Baigorriko Bixentaenea ostatuan kantatutako bertsoak ere eskainiko baititu programak.

 Etxauzia: gaztelua eta proiektua
    
 Ia mila urteko historia du Baigorriko Etxauzia gazteluak. Urteotan gora-behera handiak izan ditu Euskal Herriko historiaren lekuko izan den eraikinak. Orain dela urte batzuk inguruko herritar eta eragileek erronka bota zioten Euskal Herriari, "euskaldun bat, euro bat" kanpaina abian jarrita: gaztelua erosi eta bertan proiektu bat martxan jartzea. Amets horri ekin zion taldeko kide da Antton Curutcharry, eta bera izango da aste honetako Hitzetik Hortzerako gonbidatua. Gazteluaren historia ezagutzeaz gain, Etxauzia proiektuaren nondik norakoak kontatuko ditu igande honetan, eta bertsolaritzaz eta Baigorriko herriaz ere ariko da solasean.

 Bertso-afaria Bixentaenea ostatuan

 Baigorrin egin baitzen aste honetako programak eskainiko duen lehendabiziko saioa. Lehendik ere saio bat baino gehiago egin izan da Bixentaenea ostatuan. Otsailaren 3an bertan jardun ziren Amets Arzallus, Sustrai Colina eta Jone Uria, Battit Crouspeyre gidari hartuta. Afaltiarrei saio ederra eskaini zieten ostatuko goxotasunean. Librean egin zuten saio-puska bat entzun ahal izango da, Baigorri eta Etxauzia gaitzat hartuta.

 Hizkuntzaren eta kulturaren transmisioa askoren kezka-gai da oraindik. Jone eta Amets gurasoak Sustrai semea konbentzitzen ahaleginduko dira euskarazko musika entzun dezan. Eta kulturari lotuta ariko dira Sustrai eta Amets, gaurkotasun handiko gai batekin: "Handia" filma eta jaso dituen Goya sariak. Sakon kantatuko dute.

 Baigorrin orain dela 18 urte

 Orain dela 18 urte ere bertso-saioa izan zen Baigorrin. Han ziren Sustrai Colina eta Amets Arzallus, eta haiekin batera aritu ziren kantuan Maialen Lujanbio eta Mikel Altzuart. Nafarroako Bertsolari Txapelketako txapela jantzi berria zen Amets Arzallus, eta Maialen Lujanbiorekin kopletan egin zuen saioa eskainiko du Hitzetik Hortzerak.

 Giro beroa Errigoitin

 Eta Behe Nafarroatik Bizkaiara joango da programa, Errigoitin bertso-bazkari umoretsua eskaini baitzuten otsailaren 10ean Xabi Payak eta Onintza Enbeitak. Bi ordutik gorako saioa egin zuten librean, eta hango bertsoaldi onenak ekarriko ditu pantailara.

 Igande bazkalostean

 Hori dena eta askoz gehiago izango da ikusgai igande bazkalostean, ETB1en. Eta interneten ere nahieran ikusi ahal izango da programa, honako helbide honetan: http://www.eitb.tv/eu/.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra