Nafarroako Bardoak 2018-03-26
Agurretik umorez
Hasierako agurrek jarri zioten umore puntua saiori. Musikak lagunduta, aurkezpenerako baliatu zuten taldeek agurra. Ondoren ariketa sorta luzea egin zuten bertsolariek: ofiziotan, puntu erantzunak, koplaka, bakarka, puntuka, segidillan... Zortziko handian, enpresariaren eta lana bilatzen duenaren paperetan aritu ziren Iker Gorosterrazu eta Josu Sanjurjo, lehenak bigarrenaren sare sozialetan arakatu eta gero. Zortziko txikian, Alazne Untxalo eta Xabat Illarregi: tabernan parrandan zeudela, bere telefono zenbakidun papera sartu du Illarregik Untxaloren sakelera. Seiko motzean aritu ziren gero Eneko Fernandez eta Diego Riaño, arrakastadun film euskaldun bateko aktoreen rolean. Arrakastak bidea zabalduko diela uste izan du Riaño, baina ezkor dabil Fernandez.
Puntu erantzunen txanda ondoren. Hiruna punturi erantzun zioten Iker Gorosterrazuk, Joanes Illarregik eta Eneko Fernandezek. Ondoren, hurrenez hurren, salbamendurako txalekoari, eskuburdinei eta krosseko dorsalari bertso bana kantatu zioten Jon Silveirak, Amaia Elizagoienek eta Xabat Illarregik. Horren ostean, seguidilla-ren doinuan, larrua jo ostean ohean daudenen paperetik kantatu zuten Egoitz Gorosterrazuk, Josu Sanjurjok eta Miel Mari Elosegi 'Luze'-k.
Kopletan, binaka aritu ziren lehenbizi Jon Silveira eta Josu Sanjurjo, diskotekatik bota dituzten bi lagunen roletik. Kopletan ere, eskiatzen zeudela elkarri traba egin eta lurrean daudenen egoeratik aritu ziren Iker eta Egoitz Gorosterrazu. Azkenik, hegazkineko turbulentzien erdian elkarri aitortzak egiten hasi direnen larrutik kantatu zuten Joanes Illarregik eta Diego Riañok.
Bakarka Iban Garro, Alazne Untxalo eta Joanes Illarregi aritu ziren. Garrok espero ez zuen gutuna jaso du. Untxalo aspaldi ikusi gabeko tokira itzuli da. Illarregi, aldiz, lorik hartu ezinean dabil.
Hirukako ofizioan, lapur bat sartu den dendan zeudenen paperetik jardun zuten Iban Garrok, Xabat Illarregik eta Amaia Elizagoienek.
Puntukako ariketak eman zion bukaera saio puntuagarri. Leitzako taldeko kideek liburua irakurri gabe irakurle klubera joan direnen roletik jardun zuten. Malerreka eta Baztango taldekoak, aldiz, eskolako lanak egin ez eta aitzaki bila dabiltzenen ahotik. Lesakarrak, izeba hil berritan herentzia jaso nahi duten iloben paperetik.
Ariketa puntuagarri guztiak bukatuta, publikoko 20 lagunen eta Bardoetan parte hartu duten talde bakoitzeko kide banaren puntuak zenbatuta, Leitzako 'Aldatzea komeni' taldea 2018ko Bardoetako txapeldun. Larraungo Bertso Eskolako, Nafarroako Bertsozale Elkarteko eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko hainbat ordezkarik banatu zituzten sariak. Horien ostean, bertsolari guztien azkeneko agurrekin bukatu zen saioa, bertso-poteoari eta sagardotegi afariari bide emateko.
16 eta 113 parte hartzaile, otsailetik
Otsailaren 2an abiatu zen 2018ko Bardoak Nafarroako taldekako bertso egitasmoa, 16 talde eta 113 parte hartzailerekin. 22 saioren ostean etorri da larunbateko finala.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24