Igandero ETB1en 2018-12-07

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Taldekako Xilaba igandeko Hitzetik Hortzeran

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Taldekako Xilaba igandeko Hitzetik Hortzeran
Txapelketa da bertsolaritzak duen plazarik berezienetako bat. Igandeko programan Ipar Euskal Herriko 3 probintzietan jokatu den Taldekako Xilabako finala eta Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalaurrekoetako bertsoaldiak entzungo ditugu. Finaleko zortzikoaren berri ere emango dugu.

Txapelketa, ez ohiko plaza berezia

Txapelketa da bertsolaritzak duen plazarik berezienetako bat; berezia da, ez ohikoa delako. Sintonia, komunikabideak, epaileak entzuten, entzuleak erdi-epaile...Emozio asko pizten dira horrelakoetan. Amildegi ertza tranpolin bilakatzeko etengako ahalegina da.

Taldekako Xilaba Bertsulari Xapelgoa

Xiberoa, Baxenabarre eta Lapurdiko 11 talderen artean jokatu da aurtengo Taldekako Xilaba. Finalera iristeko, taldeek 11 saioko ligaxka eta bi finalerdi igaro dituzte. Guztira 40 bat bertsolarik parte hartu dute Xapelgoan zehar; baita aurkezle, antolatzaile, epaile eta laguntzaleek ere. Baigorrin ospatu zen finalean Dilindan eta Mattinsalto taldeak lehiatu ziren, bigarrenek jantzi zutelarik txapela. Dilindan taldea Ortzi Idoate, Amets Arzallus, Hodei Renteria eta Nahia Sasco bertsolariek osatzen dute. Mattinsalto taldea berriz Xumai Murua, Aitor Servier, Ellande Alfaro eta Pantxika Solorzano-k. Igandeko programan finaleko bertsoaldi onenak eskainiko ditugu.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketa

Udaberrian hasi zen Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta fase denak igarota, dagoeneko badakigu zeintzuk diren Miribilla-ko finalean kantatuko duten zortzi bertsolariak: Miren Amuriza, Nerea Ibarzabal, Jone Uria, Xabat Galletebeitia, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita, Eneko Abasolo “Abarkas” eta Aitor Bizkarra. Igandeko programara ekarriko ditugu finalera bidean izan diren hiru finalaurrekoetako bertsoaldi onenak. Berriz-ko saioan kantuan entzungo ditugu Miren Amuriza eta Xabal Galletebeitia. Igorre-koan Eneko Abasolo “Abarkas”, Malen Amenabar, Nerea Ibarzabal eta Beñat Ugartetxea. Azkenik, Lekeitio-n Etxahun Lekue, Txaber Altube, Jone Uria eta Ander Elortegi-ren bertsoaldiak entzungo ditugu.

Gogoan izan abenduaren 15ean Bilbo-ko Miribillan izango den finalerako sarrerak salgai daudela www.bertsosarrerak.eus web atarian. Bestela, finala zuzenean ikusteko aukera izango da ETB4n.

Igande bazkalostean ETB1en

Hori dena igandean arratsaldeko 15:00etan Euskal Telebistako lehen katean. Eta zuzenean ikusi ezin duenak internetez ere izango du aukera, EITBren Nahieran orrian.

Albiste gehiago

Anonyme Popularren agurreko kontzertuak maiatzean eta ekainean 2024-04-18

Anonyme Popular: 'Azken agurrak' bira Gasteiz, Baiona eta Bilbon

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra