150. eta 125. urteurrenak aurten 2019-03-07

Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai: bertsolari 'txapeldunak' XX. mende atarian

Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai:  bertsolari 'txapeldunak' XX. mende atarian
Hiru bertsolari horiek bat-bateko bertsogintzakok saririk handienak irabazi zituzten XIX. mende bukaeran: bertso Lore Jokoak. 150 eta 125 urte bete dira aurten Erdozio eta Etxegarai gailendu zirela.

Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai beren garaiko bat-bateko bertsogintzako saririk handienak irabazi zituzten hiru bertsolari dira. XIXgarren mende bukaeran Lore Jokoen baitako bat-bateko bertso gudu edo sariketetan gailendu ziren hirurak eta XX. mende hasieran ere eskuratu zuten saririk. Txapelik ez, saritzat ontzako urrea eta ohorezko makila izaten zen. Plazaz plaza ere ibiltzen ziren, arrakasta handiz. Ez da beren bat-bateko bertsorik ezagutzen.

Marie d’Abbadie kazetari eta ikerlari paristarraren lekuko lanak (Deux femmes improvisatrices, 1896) deskribatzen duenez, zentraltasun nabarmeneko ekitaldiak ziren bertso Lore Jokoak: "Inprobisazioen ikusteko, herriko biztanleak ehunka heldu dira; plaza mukuru betea da: apezak, epaileak, auzapezak, etxeko jabe handiak jendaldeari nahasten zaie. Dena muturreko komenigarritasun batekin iragaten da. Taularatzea ospetasunez egiten da". 

Marie d’Abbadie Baigorrin bizi izan zen, Etxauzian, Anton Abbadiaren anaia gaztearekin ezkonduta. Femme kazetan argitaratutako lan horretan xehetasun argigarriak ematen ditu bertso Lore Jokoei buruz. Ez hori bakarrik: Marie Hargain eta Aña Etxegarai bertsolariak elkarrizketatu ere egin zituen oso testingantza baliagarria utziaz.

XIX. mende bukaera: Pello Errota, Hondarribiko Joxepa, Txirrita edo Aranbarriren garaia
Garai historikoan kokatze aldera, emakumezko hiru bertsolari txapeldun horien garaitsukoak dira, esaterako, Txirrita Hernanin, Plazida Otaño eta Pello Mari Otaño Zizurkilen, Kepa Enbeita Urretxindorra Muxikan, Piarres Ibarrart Jatsun, Joanes Etxeto Itsasun, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar zein Joxepa Antoni Aranbarri Xenpelar Errenterian, Joxepa Hondarribian edo Bilintx Donostian, besteak beste.

Anton Abbadiaren ekimenez burututako Lore Joko horietako bat izan zen, adibidez, garai berean Pello Errota asteasuarrak Azpeitian irabazi eta sona handia eman zion saria, Azpeitiko premiyo famatua, Udarregirekin izandako haserrea medio, besteak beste.

150. eta 125. urteurrenak aurten
Aurten, 150 urte bete dira Maria Luixa Erdoziok bertso Lore Jokoak lehenengo aldiz irabazi zituela, Saran, Piarres Ibarrartekin buruz buru kantatuta. 1869. urtea zen, Juan Frantzisko Petriarena Xenpelar hil eta Mikaela Elizegi jaiotako urtea.

Era berean, duela 125 urte nagusitu zen Aña Etxegarai gaztea Hazparneko Lore Jokoetan, 1894an, 21 urterekin. Bost bertsolari aritu ziren kantuan, bi emakumezko (Marie Hargain eta biak) eta hiru gizonezko: Pierre Duhaldebehere, Joanes Etxarren eta Pierre Sempé.

Bost aldiz irabazle, 25 urteren barruan
Hiru bertsolariok bost aldiz irabazi zituzten bat-bateko bertso Lore Jokoak: Erdoziok eta Hargainek bina, eta Etxegaraik behin. Horrez gain, hainbatetan bigarren, hirugarren eta laugarren sariak ere eskuratu zituzten XIX. mende bukerako eta XX. mende hasirako 38 urtetan barrena (1869-1907).

     1- 1869an, Saran, Maria Luixa Erdozio irabazle
     2- 1875ean, Saran, Maria Luixa Erdozio irabazle
     3- 1888an, Kanbon, Marie Hargain irabazle
     4- 1894an, Kanbon, Aña Etxegarai irabazle 
     5- 1895ean, Ezpeletan, Marie Hargain irabazle

Bat-bateko sariketa ez ezik, idatzizko bertso eta kopla lehiaketak ere sonatuak ziren eta hor ere Marie Hargainek behintzat parte hartu zuen Berako Lore Jokoetan, 1895an. Lehiakide izan zituen Pello Mari Otaño eta Piarres Ibarrart ere, besteak beste. Jasota dagoenez, ez zen lan sariturik izan.

Hondarribiko Joxepa ere Lore Jokoetan bertsotan?
Erdozio, Hargain eta Etxegarai ez ezik, bada bertso Lore Jokoetan bat-batean kantatu zuen emakumezko beste bertsolari baten erreferentziarik ere. Orduko kroniketan, “hondarribitar neska batek” kantatu zuela ageri da, baina izenik ez. Bilintxek bertso sorta jarri zion Hondarribiko Joxepa gisa izendatu zuen bertsolari bati: "Dama bertsolari bat/nola bazeguen, zeinak Euskalerrian parerik etzuen".

Elkar aurre-aurrez ezagutu zutela ere aitortzen du: "Egiak ote ziren/famaren hots haiek/bixitatu zintugun/zenbait jakintzalek/haiekin batean zan/bizar haundi harrek/izkribatzen dizkizu zuri bertso hauek".

Garaia eta herriagatik Hondarribiko Joxepa bera izan liteke Lore Jokoetan parte hartu zuela aipatzen den emakumezko bertsolari hori.

Plazan 30 urtetik gorako ibilbidea egin zuten bertsolariak
Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai bertsolariak gazterik hasi ziren bertsotan eta, hirutik bik behintzat, sorkuntza ibilbide luzea egin zuten plazan. Erdozio azkaindarrak 23 urterekin irabazi zituen lehenengoz Lore Jokoak (ordurako izen bat bazuen Ibarrartekin jokatuta). Eta luzaroan jarraitu zuen sariak irabazten: hogeita hemezortzi urte zituela hirugarren postua eskuratu zuen Sarako Lore Jokoetan. Beraz, hogei urtetik gorako ibilbidea egingo zuen bat-batean. Erdozio sei seme-alaben ama izan zen.

Marie Hargain ezpeletarra ere 20 urterako hasi zen bertsotan, 28 urterekin irabazi zituen aurrenekoz Lore Jokoak. Jasota dagoenez, berrogei eta zazpi urterekin ere plazan jarraitzen zuen. Adin horretan, Kanboko Lore Jokoetan kantatu zuen. Beraz, 30 urte bueltako bertso ibilbidea behintzat egin zuen.

Aña Etxegarai lekornearra 17-18 urte zituela hasi zen eta 21 urterekin irabazi zituen Lore Jokoak, 1894an. Bi urte barru, hirugarren postua eskuratu zuen Kanbon. Hortik aurrera, ez dakigu zenbat urtez jarraitu zuen bertsotan oholtzan "beldurtzea ahantzi" zuela aitortu zuen bertsolariak.

Emakumezko bertsolariek parte hartzea “ez da deus asaldagarri”
Marie d’Abbadieren lanak jasota dakarrenez bertso Lore Jokoetan kanta zitekeenaren mugak argi samar zeuden, iduriz: "Lehiakideek bertsoak melopeia antzeko batekin errezitatzen dituzte, haien irudi eta erranmoldeek usaian komenigarritasuna errespetatzen dute, eta biziki arraro da leku ez egokian litekeen txiste eta hitz arriskutsu baten entzutea. Ez da beraz deus asaldagarria emazteek parte hartzea hain konpainia oneko guduetan. Dena baino lehen, aisialdi nazionala bat da, eta autoritate zibila eta elizakoak errespetatzera, eta beren presentziaz kontsakratzera behartuak sentitzen direnak".

Gaitegiari dagokionez, badirudi bertsolariek gai orokorrak izaten zituztela ("Senar-emateak etxean"; "Ezkontza eskea"; edo "Gerlara doan gizon gazte baten adioak bere andregaiari") eta Lore Jokoetako buruak emanak ziren.

"Arrakasta handia bildu zuten"
Lore Jokoetako bat-bateko bertso jardunaz eta publikoaren harreraz ere argibide zehatzak utzi dizkigu Marie d’Abbadie ikerlariak: "Marie Hargain eta Anna Etchegoyen (Aña Etxegarai) elkarrekin lehiatu zirelarik, arrakasta handia bildu zuten; entzuleen poza handienarentzat, hizkatzen eta elkarren kontra haserretu ziren, guduka animatuetarik izan zen. Anna Etchegoyen txaloz estali zuten". Bertso dema horretan, berak Anna Etchegoyen deitzen duen (Aña Etxegarai) 21 urteko bertsolari gaztea izan zen garaile 1894ko Lore Jokoetan, Hazparnen.

Bertsolarien sentipenak. Aña Etxegarai: "Beldurtzea ahantzi dut"
Plaza bete jenderen aurrean kantuan ari zirela, Aña Etxegarairen barruko sentipenak ere iritsi zaizkigu. Hona hitzez hitz elkarrizketa:

-Ikerlariak: Aña Etxegarai (...) txaloz estali zuten. Zer egin duzu txalotua zinela entzun duzularik?
-Aña Etxegaraik: buruarekin agurtu ditut.
-Ikerlariak: Ez zinen lotsatua?
-Aña Etxegaraik: Bai, pixka bat abiatzean, eta beldurtzea ahantzi dut.
-Ikerlariak: Hori dena biziki sinpleki errana, harrotasun izpia batekin begietan. Elkarren artean samurtu eta, elkarri aiher zinezten, Marie Hargain eta zu? 
-Aña Etxegaraik: Oh! Ez! Liskarra bukatu orduko, ez ginen gehiago haserre eta berriro lagun onak bilakatu gira, lehen bezala.
(Marie d’Abbadie 'Bi emazte bertsolari' (1896)

Jaun erretorea, komenigarritasunaren zaintzan
Elkarrizketa berean, oholtzako jardunaren mugazainen berri ere ematen digute bertsolariek:

-Ikerlariak: Nola beztitzen zarete publikoki agertzeko?
-Aña Etxegaraik: Gure usaiako jantziak ezartzen ditugu, beti bezala. Jaun erretorea hor da, begiratzen eta entzuten gaituena; ez genuke ohatuak eta eresiatuak izan nahi. Marie d’Abbadie 'Bi emazte bertsolari' (1896).

Eranskina
Maria Luixa Erdozio, Marie Hargain eta Aña Etxegarai: nor da nor

 

Iturria:

Xenpelar Dokumentazio Zentroa (https://bdb.bertsozale.eus/)

 

Iturri bibliografikoak:

- Abbadie d'Arrast, Charles d', Madame. "Causerie sur le pays basque : la femme et l’enfant". Paris: Roudeval, 1909. https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k8630871q/f75

- "Bi emazte bertsolari, Marie d’Abbadie d’Arrast, 1896". Baiona: Bilketa, 2018. http://www.bilketa.eus/eu/bildumak/testu-hautatuak/1617-bi-emazte-bertsolari-marie-d-abbadie-d-arrast-1896

- Davant, Jean Louis. "Antoine d'Abbadie, Abbadiaz". Bilbo: Euskaltzaindia, 2012. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/76001.pdf
- Itzaina, Xabier. "Lore Jokoak". Bertsozale.eus, 2018. https://bdb.bertsozale.eus/orriak/get/39-xiberoa-lapurdi-eta-baxenabarreko-bertsulari-xapelketa-historia

- Larrañaga, Carmen. Bersolaris destacadas. IN. "Euskonews & Media", 56 zkia., 1999-11-26. http://www.euskonews.eus/0056zbk/gaia5603es.html

- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.
- Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897)". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://hedatuz.euskomedia.org/4007/1/03011059.pdf

Argazkiaren iturria:

- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.

Albiste gehiago

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-10

Hitzetik Hortzera: Txirrita eta lehen plaza

Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-10-03

Hitzetik Hortzera, bertsotik versora

Gipuzkoako Txapelketa - Eli Pagola Apezetxea 2024-09-24

«Oso gustura ari naiz bertsotan eta lortzen dut egindako lana plazara ekartzea»

Larunbat honetan hasiko da denboraldi berria 2024-09-12

Hitzetik Hortzera: Bertsoz-bertso hariz hari