Emakume bertsolari irabazleak XIX. mendean 2019-03-07
Maria Luixa Erdozio, “bertsu emanaldi bikaina” Piarres Ibarrartekin buruz buru
Azkainen sortu zen Maria Luixa Erdozio bertsolaria (1846-1925) eta Donibane Lohitzunen bizi izan zen luzaz. (Maria Luisa Osorio bezala ere agertzen da). Laboraria izan zen. Bi aldiz irabazi zituen Lore Jokoak: 1869an, Piarres Ibarrartekin batera, eta 1875ean Etxetorekin batera. 1884an hirugarren saria eskuratu zuen.
1875eko sariketaz badira kronikak ere: "Bertsu emanaldi bikaina egin bide zuen 1875an M. Etchetorekin gaia zutela: "gerlara zoan gizon gazte (Etcheto) baten adioak bere andregaiari (M. L. Erdozio)". Entzuleetan zegoen De Chambrun andereak sari berezi bat eskaini zion bukaeran azkaindar emazteari" (Soule, 2011).
Marie Hargain, 30 urtetik gorako bertsolari bidea plazan
Ezpeletan sortu zen Marie Hargain (1960-1925). Espartin fabrikako langile zela ezagutu zuen Aña Etxegarai, Lekornekoa, gerora plazan bertsokide izango zuena. Kanbon bizi izan zen eta 30 urtetik gorako bertso bidea egin zuen Hargainek. Honela deskribatzen du Marie d’Abbadiek: "Marie Argain 30, 35 urteko euskaldun eder bat da, beltzarana, azkarra, begitarte adierazkor batekin".
Hogeita zortzi urterekin irabazi zituen lehenengoz Lore Jokoak Kanbon, 1888an. Bigarrenez, Ezpeletan hogeita hamabost urterekin 1995ea. Beste hiru ediziotan ere saritua izan zen: 1894an, 1896an eta 1907an. XX. mendean jada 47 urte zituela.
Aña Etxegarai eta biak sarritan kantatu zuten plazan ere: arrakasta handia izan zuten bi emakumeek eta leku askotatik kanturako deitu zieten (Soule, 2011).
Bertso-jartzaile ere aritu zen. Jaso den bere bertso-sorta: "Ehun eta zonbait urthe".
Aña Etxegarai, lantegian bertsozaletu zen bertsolaria
1873ko azaroaren 18an jaio zen Aña Etxegarai Lekornen eta Hazparnen bizi izan zen. Espartingile eta ostalaritzan jardun zuen. Lantegian bertso zaletu zen, Marie Hargain eta biak elkarrekin bertsotan aritzen ziren lantegian, berak aitortu zuenez. Etxegarai eskolatua zen, irakurtzen eta idazten bazekien. Hazparnen hil zen 1939ko azaroaren 8an. Aña Debrua ere deitzen zioten.
Hazparneko bat bateko bertso Lore Jokoak irabazi zituen 1994an eta 1996an parte hartu zuen Kanbon, beste hiru bertsolarirekin batean.
Hauxe zen Aña Etxegarai Marie d’Abbadien begietara: "Neska gaztea da, aurpegi laket eta dotorekoa. Pixkanaka, gustua etorri zaio, baita bat-batean eskaintzen zitzaizkion edozein gaia tratatzeko usaia. Ez ditu hogei urte; eskolatua da, badaki idazten eta irakurtzen. Baina, duda izpirik gabe, ez du ber irakurketei esker garatu bere irudimena eta zorroztu bere zaletasuna. Bere baitarik etorri zaio, Marie Argainekin bezala"
Bertso jartzailea ere izan zen. Jasota gelditu diren bertso-sortak: "Oraiko dama gaztiak" eta "Penako bi ahizpen kontuak". Marie d’Abbadiek hala eskatuta, bertso-sorta bat sortu zuen bere lanerako, baina frantsezezko itzulpena bakarrik argitaratu zen.
Hondarribiko Joxepa "Zeinak Euskalerrian parerik etzuen"
Idatziz jaso diren testigantzatan aipatzen denez, "Hondarribitar neska batek" ere abestu izan zuen Lore Jokoetan. Bertsolari honen izenik ez da gorde eta ez dakigu non eta noiz lehiatu zen ere. Baina garaiagatik, Hondarribiko Joxepa izan liteke: Bilintxek "Hondarribiko Joxepari desafioa" bertso sortan aipatzen zuen bertsolari "famatu" hura.
Bertso hauetan kontatzen denez, "hamar edo hamabi/donostiatarrek" jo zuten Joxepa bixitatzera, haren bertsolari ona famak probatzera-edo. Joxepa ordea ez zen atzera gelditu izango eta berak jarri omen zuen zalantzan Bilintxen bat-bateko gaitasuna, edo hori dio behintzat donostiarrak: "Ni bertsolaria naiz/bainan det aditu/ez nitzaizula zuri/hala iruditu". Hara hemen sortako lehen bertsoan Bilintxek nola deskribatzen Hondarribiko Joxepa, bertsolari modura.
-1-
Aspaldian, Joxepa,
famatua zeunden,
gu berriz ikusteko
desiotan geunden;
Hondarrabi aldian
aditzen genduen
dama bertsolari bat
nola bazeguen,
zeiñak Euskalerrian
parerik etzuen.
-2-
Egiak ote ziran
famaren hots haiek,
bixitatu zindugun
zenbait jakinzalek,
hamar edo hamabi
donostiatarrek;
haiekin batian zan
bizar haundi harrek,
izkribatzen dizkitzu
zuri bertso hauek.
-3-
Ni bertsolaria naiz
bainan det aditu
ez nitzaizula zuri
hala iruditu;
zuk horla pentsatzia
ez da zer harritu:
nere jakinduririk
ez nuen argitu,
zergatikan ez nitzan
premian arkitu.
-4-
Balilteke irixtia
premia horretara,
agindu zenidala
goguan det bada,
prestaturikan nere
desiuetara,
baldin dibertsio bat
nahi banuen para,
etorriko ziñala
Errenteriara.
-5-
Egizu nahi zunian,
dama, etorrera;
zuregan utzitzen det
egunaren aukera;
ipintzen badidazu
horrelako era,
aprobetxatu gabe
ez niteke gera,
alkarrekin berriro
mintzatuko gera.
-6-
Arkitzen baldin banaiz
orduan umorez,
proga emango dizut
lehenagoko ordez,
beste iñori baiño
gustorago doblez,
gero juzga dezagun
ezaguera hobez,
ia bertsolaria
al naizen edo ez.
Iturria:
Xenpelar Dokumentazio Zentroa (https://bdb.bertsozale.eus/)
Iturri bibliografikoak:
- Abbadie d'Arrast, Charles d', Madame. "Causerie sur le pays basque : la femme et l’enfant". Paris: Roudeval, 1909. https://gallica.bnf.fr/ark:/12148/bpt6k8630871q/f75
- "Bi emazte bertsolari, Marie d’Abbadie d’Arrast, 1896". Baiona: Bilketa, 2018. http://www.bilketa.eus/eu/bildumak/testu-hautatuak/1617-bi-emazte-bertsolari-marie-d-abbadie-d-arrast-1896
- Davant, Jean Louis. "Antoine d'Abbadie, Abbadiaz". Bilbo: Euskaltzaindia, 2012. http://www.euskaltzaindia.eus/dok/iker_jagon_tegiak/76001.pdf
- Itzaina, Xabier. "Lore Jokoak". Bertsozale.eus, 2018. https://bdb.bertsozale.eus/orriak/get/39-xiberoa-lapurdi-eta-baxenabarreko-bertsulari-xapelketa-historia
- Larrañaga, Carmen. Bersolaris destacadas. IN. "Euskonews & Media", 56 zkia., 1999-11-26. http://www.euskonews.eus/0056zbk/gaia5603es.html
- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.
- Urkizu, Patri. "Anton Abbadiaren Koplarien guduak (1851-1897)". Donostia: Eusko Ikaskuntza, 1997. http://hedatuz.euskomedia.org/4007/1/03011059.pdf
Argazkiaren iturria:
- Soule, Beñat. "Neurtizlari, Bertsulari, Iparraldez". Bilbo: Erroteta; Euskaltzaleen Biltzarra, 2011.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24