agenda 2019-05-03

Asteburu honetan... aukeratu egin behar!

Asteburu honetan... aukeratu egin behar!
Gipuzkoa Bertsotan, Santutxuko Udaberriko bertso saioak, otorduak, jaialdiak... egin lekua agendan

Maiatzak 3, ostirala

Mutrikun bertso saio literarioa eskainiko dute 19:00etan Andoni Egañak eta Uxue Alberdik, Danele Sarriugarte gidari dela. Zabiel Kultur Etxean izango da saioa. 

Abadiñon, Matienako Kultur Errotan jaialdia antolatu dute gauerako. 22:00etan hasita, Txaber Altube, Aitor Bizkarra, Andoni Egaña eta Alaia Martin arituko dira kantuan. Gai-jartzailea Igor Galartza izango da. 

Iruñean bertso afaria egingo dute Euskaldunon Biltoki elkartean, Txantreako festen harira. Maddalen Arzallusek eta Sustrai Colinak kantatuko dute bertan.

Etxebarrian ere bertso afaria egingo da jubilatuen elkartean. Bertsotan Josune Aramendi, Xabat Galletebeitia eta Nerea Ibarzabal arituko dira. 

Beste hainbat saio izango dira Getarian, Soraluzen, Urnietan, Mungian eta Goizuetan. 

Maiatzak 4, larunbata

Sopelako Esaera Zaharren Txapelketaren baitan, bertso bazkaria egingo da Ander Deuna Ikastolan Beñat Gaztelumendi eta Arrate Illarorekin. 

Bilbon Udaberriko bertso saioak hasiko dira Santutxuko Karmelo plazan. Larunbat honetan Miren Amuriza, Onintza Enbeita, Unai Iturriaga eta Etxahun Lekue arituko dira bertsotan, 13:00etan. 

Diman bertso saio musikatua egingo da eskolako teilatupean, 19:00etan hasita. Kantuan Uxue Alberdi, Miren Amuriza eta Ane Labaka arituko dira, Iban Amoranteren musikak eta Danele Sarriugarteren hitzek gidatuta. 

Horrez gain, Gipuzkoa Bertsotan hasiko da Asteasun eta Idiazabalen, eta lagunarteko saio gehiago ere izango dira Azkaraten, Gatikan eta Oñatin.  

Maiatzak 5, igandea

Orexan bertso saioa antolatu dute 18:00etan, Ganbaran. Andoni Egaña, Oihana Iguaran, Ane Labaka eta Haritz Mujika izango dira bertan, Gurutze Etxezabalen gaiei segika. 

Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseko beste bi saio egingo dira Orion eta Anoetan, eta Lazkaon eta Zestoan ere jai giroko saioak izango dira. 

 

Albiste gehiago

gipuzkoako bertsolari txapelketa 2019-09-09

Gipuzkoako Txapelketa: dena(k) prest

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2019-04-09

Maiatzaren 4an hasiko da Gipuzkoa Bertsotan