Bertso eskola feministak 2019-09-04

Bertso-eskola feministetako izen-ematea, astelehenetik aurrera

Bertso-eskola feministetako izen-ematea, astelehenetik aurrera
Irailaren 9an, 8:00etan, irekiko da Ahalduntze Bertso Eskolan zein aurten hasiko den Gizonezkoen Bertso Eskola Feministan matrikulatzeko epea.

Udaren hasieran iragarri bezala, bi bertso-eskola feminista izango ditugu udazkenean: bosgarren urtea beteko duen Ahalduntze Bertso Eskola eta aurten bidea urratzen hasiko den Gizonezkoen Bertso Eskola Feminista.

Hainbat gizonezko bertsolarik aipatu izan dute feminismoa lantzeko espazio baten beharra. Bertsolari gizonezkoei feminismoari buruzko oinarri teorikoa eskainiko zaie Gizonezkoen Bertso Eskola Feministan: talde dinamikak nahiz adituen edota arituen ekarpenak izango dituzte bertsolariek saioz saio, eta gogoetarako eta esperientziak partekatzeko espazioa egituratu nahi da; bertsotan egiteko espazio bat ere izan nahi du bertso-eskolak. Arkaitz Goikoetxea eta Iker Iriarte ariko dira saioen gidaritzan.

Halaber, Ahalduntze Bertso Eskola antolatu dugu bosgarren urtez. Datorren ikasturtean, pauso berri bat ematera goaz: plazarako trebatu nahi duten emakume gai-jartzaileentzako ere eskainiko da Ahalduntze Bertso Eskola. Gidaritza lanetan Ainhoa Aranburu eta Maite Berriozabal ariko dira.

Urrian hasi eta ekainera bitarte izango dira eskolak; hilean behin elkartuko dira talde batekoak zein bestekoak, larunbat goizez, Amasa-Villabonako Subijana etxean - egun zehatzak ikusgai dituzue webgune honetan bertan -. Izen-ematea irailaren 9tik 20ra arte egongo da irekita, 08:00etan hasita, www.bertsozale.eus webgunean egokituko den orria beteta.

Bertsozale Elkarteak azken urtean egindako Gogoeta Estrategikoan azaleratu da pedagogia feminista lantzen jarraitzeko beharra eta helburu hori dute bi eskolek.

Aniztasuna, esperimentazioa eta konpromisoa

Orain 4 urte abiatu zen, 2015-2016 ikasturtean, Ahalduntze Bertso Eskola. 26 bertsolarik hartu dute parte orain arte, eta gai-jartzaile lanetan Ainhoa Aranburu eta Arkaitz Goikoetxea aritu dira. Egitasmo honen sorrera bertso munduko emakumeen bi topaketei esker etorri zen: 2013an, Artaunsoroko topaketan, emakume bertsolariek oholtzan jarduteko zituzten zailtasunak bistaratu ziren, eta, 2014an, Azkizuko topaketan, egoera horri erantzuteko lanketa gune bat sortzeko beharra azpimarratu zen.

Eta hala sortu zuen Bertsozale Elkarteak Ahalduntze Bertso Eskola; emakume bertsolarien parte hartzearekin diseinatu zen.

Sorreratik, bertso eskola honek hiru oinarri izan ditu, eta hala izango ditu Gizonezkoen Bertso Eskola Feministak ere: aniztasuna –adin, bertso maila, izaera, zein feminismoko ikuspegien arteko aniztasunari leku egitea. Horretarako, ahalegintzen gara zaintza talde dinamikaren oinarrian jartzen; zaintzaz ikasteko gune bat da-; konpromisoa -bertso eskolan parte hartzeko eskatzen den baldintza bakarra da; ikasturtean zehar saioetara etorri eta bat-batean jarduteko jarrera hartzea-; eta esperimentazioa -ikasteko gune bat da, etengabeko bilakaeran ari dena, mugimenduan. Metodologia ere egokitzen joaten gara-.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri