taldekako xilaba 2019-10-01
Giro ederrean joan ziren Taldekako Xilabako bigarren asteburuko saioak. Izpegiko kaskoan den Irigoienea bentan iragan zen lehen saioa. 40 bat lagun elkartu ziren BARÇA eta URRUÑAGO taldeak entzutera. Agur oso desberdinak entzun ahal izan ziren. URRUÑAGO taldeak joan berri den Jon Barberena bertsolari eta poetari omenaldia egiteko baliatu zuen agurra, haren errautsak hor berean lurperatuak zirela oroitaraziz. Etxeko taldeak, berriz, umorez aurkeztu zuen bere burua.
Bakarkako gaiak goizeko seietan lanetik etxera doan paperean ezarri zuen Bixente Hirigarai. Ospitaleko langilea, 12 ordutan lan egin eta gero, nekaturik etxeratzen da, eta hausnarketak "gure eriak sendatzeak eritzen gaitu" erratera darama. Odei Barroso, berriz, erretzaile ez izan arren zigarreta pizten duenaren lekuan kokatu zuen gai emaileak. Domek marinelaren doinutaz baliatuz, kolegiotik atera den nerabeak denek bezala zigarreta piztu du "nik ere bat piztu dut eztulka hasi naiz ai! - hamalau urtekin ez dut desberdina izan nahi" bota zuen lehenean. Itxuraren garrantzia dela eta lagunak bezala izan nahi du, zigarreta jolasa edo droga ote da? "edo hamalau urtekin asmatu dugun moda – baina hemen pixkanaka pasako da denbora – eta itxurakeria ke bilakatuko da". Saio gustagarri horretatik URRUÑAGO atera zen garaile.
Arratsean Sarako Pleka trinketean izan zen saioa ere ederki joan zen. 4KOPLASARA taldeak EZKORBRUTAK zirikatzeko baliatu zuen bazuen ere, azken hauek aitzineko saiotik ekarri zuten kexua kantatu zuten. Hazparneko epaia ez zutela onartzen argiki adierazi ondoren Xilaban segitzeko xedea agertu zuten. Horiek erranik saioa bera biziki giro ederrean joan zen, eta bertso ale politak utzi zizkigun, ofizioak bereziki aipatzekoak izan ziren.10eko txikian, arazoak dituen bikotearen paperean, zazpi aldiz utzi eta zazpi aldi berriz elkartu den bikotekideak ziren Patxi Iriart eta Amets Arzallus. Mezu bidez baizik ez dute komunikatzen. "Zortzigarren aukera emaidazu otoi" erranez hasi zuen Ametsek. Patxik berriz ez dio erantzun "zinez maite nauela konturatu dadin". Biak bi otsoren gisan direla, kexatu eta adiskidetzen direnak... "hain ezkor ta hain bruta ez zaitela izan" bota zuen Arzallusek pareko taldearen izenarekin jokatuz. Patxik bikoteari erantzun edo Tinderrean izena eman dudan zela "zu galtzeko beldurrak maitemintzen nau ni" entzun behar izan zuen. Eta Iriartek horrela finitu zuen "ai! nolako dilema problema dut hemen – Amets ez ote dudan Tinderren atzemanen". Azkenerako, 4KOPLASARA atera zen garaile, eta EZKORBRUTAK sailkatzeko ia aukerarik gabe gelditu zen.
Agurrak:
Bideo gehiago ikusi nahi izanez gero, sakatu hemen.
Hurrengoak, Alduden eta Pausun
Datorren asteburuan, ligaxken beste bi saio ospatuko dira, biak urriaren 5ean.
Bat, Aldudeko Alfaro jatetxean jokatuko da 19:00etan. Bertsu eta jan-edan izanen da: KONTRABANDA taldea eta HASTA LA 2TORIA taldea izanen dira aurrez aurre.
Bigarrena, Pausuko Xaia ostatuan ospatuko da 19:00etan, bertsu afari formatuan izanen da: EZ OTOI PENTSA taldea eta BARÇA taldea izanen dira lehian.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24