Abenduak 5-8 bitartean 2019-12-04
Aurten ere bertsolaritzak izango du presentzia Durangoko Azokan, abenduaren 5etik 8ra. Bertsozale Elkartea eta Lanku Kultur Zerbitzuak gunea izango dute. Argitalpenek, aurkezpen eta emanaldiek zein solasaldiek osatuko da eskaintza.
Argitalpenen atalean, 'Houston, arazotxo bat daukagu!' lana ekarri du Lankuk. 1999ko abenduaren 28an Hernanin izandako bertso saio berezia jasotzen du lanak. Joxerra Garziak aurkeztutako saioan, Andoni Egaña aritu zen bakarrik kantari, Garziak proposatutako egoera guztietara egokituta. 20 urtera berreskuratu dugu lana, disko forma emanda; zehazki, Jasota Bezala disko bildumako laugarren alea da.
Bestetik, Koldo Izagirreren Bertsoaren Harria liburua ere mahaian. 21 dira Euskal Herrian barreiatuta dauden bertsolariei loturiko eskulturak eta horiek aintzat hartuta osatu du kontakizuna Izagirrek. Durangoko Azokan ez ezik, Lanku Kultur Zerbitzuen webguneko dendan ere eskuragai daude jada produktuok. Argitalpenok sinatzeko, Andoni Egaña eta Koldo Izagirre izango dira gurean: abenduaren 7an izango da Egaña, 11:00etatik 13:00etara, eta abenduaren 6an Izagirre, 16:00etatik 17:00etara eta 18:00etatik 20:00etara.
Solasaldia EHAZE, Bertsozale Elkartea, Topic, Dantzan.eus eta Euskadiko Filmategia, Xenpelar Dokumentazio Zentrotik antolatuta
UPV/EHUk argitaratuko duen 'Kultura ez da bat-batekoa' argitalpena ere topatuko dugu azokan. Bertsozale Elkarteak eskatu eta Mintzola Ahozko Lantegiak bideratutako Bertsozaletasunaren Ikerketa Soziologikoaren inguruko liburua da. Ikerketa UPV/EHUko ikertzaileen bitartez eta inkestatzaile aritu zen Bertsozale Elkarteko borondatezko talde mardularen bidez gauzatu da, eta emaitzekin eta bestelako elkarrizketa sakonagoekin irakurketa egin dute Alfredo Retortillo, Xabier Aierdi eta Harkaitz Zubiri ikertzaileek; azken honek ondu du azken testua.
Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finaleko sarrerak lortzeko aukera ere izango da; finalaurrekoak ordurako pasata, Durangoko Azokarako zehaztuta egongo da nor igoko den oholtzara abenduaren 14an, Donostiako Ilunben.
Kultur sorkuntzen dokumentazioa: Xenpelarren eskutik, proiektuak ezagutzen
Abenduaren 6an, ostiralez, Bertsoaren Harria liburuaren aurkezpena egingo da Ahotsenean: Koldo Izagirre egilearekin batera izango da Iñaki Murua bertsolaria. 17:30ean izango da hitzordua. Ordu erdi lehenago aurkeztuko da azokako Areto Nagusian Kultura ez da bat-batekoa liburua, UPV/EHUren eskutik.
Abenduaren 8an, igandez eta azken egunean, solasaldia antolatu dugu Areto Nagusian, 13:00etatik aurrera. Xenpelar Dokumentazio Zentroko Nere Erkiagak gidatuta, Kultur sorkuntzen dokumentazioa, etorkizunerako apustua mahai-ingurua egingo dugu. Kultur sorkuntzen garapenean dokumentazio egitasmoek duten garrantzia mahairatu nahi da; horretan ariko dira Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Idoia Gereñu; Bertsozale Elkarteko Ixiar Eizagirre; Dantzan.eus eta Dantzagunetik, Gari Otamendi; Topic txotxongilolaritzaren zentroko Maria San Sebastian; eta Euskadiko Filmategitik, Ion Lopez.
Bertsolaritzari zuzenean edo zeharka lotutako argitalpen eta emanaldiak ere izango dira azokan zehar barreiatuta; beraz, onena Goienkalen, Barrenkalen eta Artekalen barrena murgildu eta bertatik bertara arakatzea.
Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen liburuaren aurkezpena, Miren Artetxe eta Ane Labakaren eskutik
Bertsolaritzaren eta feminismoaren uztarketa aipagai den honetan, gogoetarako, eta eztabaidarako materiala biltzea da liburu honen helburu nagusia. Azken urteotan bertsogintzaren zein bertsolaritzaren irakurketa feministak oihartzun handiagoa lortu duela dirudi. Irakurketon oihartzuna da, ordea, askori heltzen zaiguna. Bertso-mundua feminismotik aztertzen duten hainbat gogoeta-lan interesgarri dira liburu honetan bildutakoak.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24