Igandero ETB1en 2019-12-19

Maialen Lujanbioren bertso ibilbidea, Hitzetik Hortzeran

Bertsolari hernaniarra izango da igandean programako protagonista. Ia 30 urte bete ditu plazaz plaza kantuan, eta egindako ibilbideaz, mugarriez eta asmoez arituko gara berarekin. Bertsoaldiak ez dira faltako, eta grabatutako bere ale esanguratsuenen errepasoa egingo dugu.

30 urte bete dira bertsokera berezidun haur hernaniar hura sorkuntza lanean hasi zenetik. Ibilbide horretan Maialen Lujanbiok bizitakoak ezagutuko ditugu. Une batez denbora geratu eta atzera begira jarriko gara, urtez-urte eta mugarriz-mugarri iragana xehatzeko ahaleginean: “Egindako bidearen oroimen ederra daukat, lagunekin egin dut, eta mugimendu eder baten parte sentitzen naiz”.

Bere mugarri artistikoei eta ideologikoei buruz galdetuko diogu; baita hartu dituen erabaki, egindako ahalegin eta bizi izan duen inguruari buruz: “2001eko Bertsolari Txapelketa Nagusian aurrerapauso bat eman nuen”. Bat-batekotasunak dauzkan baldintza estuetatik ihes egitea ahalbidetzen dioten proiektu patxadatsuagoek zer ematen dioten ere jakingo dugu.

1992. urtean Hondarribian egin zuen Maialen Lujanbiok bere lehen plaza, hango emakume taldeak bultzatuta: “Niretzat oso garrantzitsua izan da Hondarribia eta bertako emakume taldea”. Maialen Lujanbioren lehen plaza hartatik gaur egunera arte egin duen bilakaeran murgilduko gara.

Txapeldunetik txapeldunera


Maialen Lujanbiok sei aldiz hartu du parte Bertsolari Txapelketa Nagusian: bi aldiz izan da txapeldun, birritan txapeldunorde eta baita hirugarren postu bat lortu ere. “Txapelketak eskatzen dituen ahalegina, exijentzia eta lana handiak dira”, azaldu du Lujanbiok txapelketen inguruan galdetuta.


Andoni Egañak luzaroan kendu gabe zuen Euskal Herriko txapela, 2009an Maialenek lortu zuen arte. Igandeko programan bertsolari zarauztarrak hernaniarrari buruz esandakoak entzungo ditugu: “Gai bakoitzean nahi duena esatera iritsi da eta hori lorpen handia da bertsolari batentzat”.

Egun, Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zuzendaritza taldean dihardu buru-belarri Lujanbiok: “Elkarte egituratu bat egoteak onura handia egiten dio bertsolaritzari”. Horren inguruan ere ariko da Hitzetik Hortzeran.

Bertsoaldi esanguratsuen bilduma


Asko dira Maialen Lujanbioren bertsoaldi esanguratsuak. Igandeko programan, lagin bat ikusteko aukera izango dugu, besteak beste, 1992an Hondarribian egin zuen lehen plaza; 1993an Imanol Lazkanorekin Oñatin; edota Bertsolari Txapelketa Nagusian, 2001ean Donostian eta 2017an Barakaldon.

Hitzetik Hortzera, igandean, 15:00etan, ETB1en; eta astelehenetik aurrera, EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu