2020ko Bardoak 2020-02-18

Zehaztu dira 2020ko Bardoetako finalaurrekoak

Zehaztu dira 2020ko Bardoetako finalaurrekoak
Ondoko sei taldeek eskuratu dute toki bat finalaurrekoetan: 'Bertsonautak' (Malerreka), 'Arranopola' (Lesaka), 'Atekaberts komeni' (Leitza), 'Lamixene' (Bera), 'Hego haizea' (Barañain) eta 'Sakaña' (Sakana). Otsailaren 29an abiatuko da finalaurrekoetako fasea.

Hamahiru saio jokatuta, amaitu da 2020ko Bardoetako lehenbiziko fasea, eta argitu dira honezkero finalaurrekoetara sailkatutako taldeen izenak. Atzo jokatu ziren lehen faseko azken hiru saioak, Lesakan, Leitzan eta Otsagabian, eta horiek bukatutakoan argitu zen emaitza. Gauzak horrela, Malerrekako Bertsonautak (A multzoko irabazlea), Lesakako Arranopola (B multzoko irabazlea), Leitzako Atekaberts komeni (C multzoko irabazlea), Berako Lamixene (D multzoko irabazlea), Barañaingo Hego Haizea (A,B eta C multzoetako bigarren sailkatuetan onena) eta Sakanako Sakaña (D multzoko bigarrena) izango dira finalaurrekoetan kantatuko dutenak.

Lesakan jokatu zen atzoko lehen saioa, herriko Arranopola eta Barañaingo Bertsopiztiak taldeen artean, Arrano Elkartean, eta giro onean. Bigarren puntua eskuratuta, hurrengo faserako sailkapena ziurtatu zuen etxeko taldeak. Antzera gertatu zen Leitzako Atekabeltz Gaztetxeko saioan ere, bertako Atekaberts komeni eta Barañaingo Hego Haizea taldeen arteko saioan. Leitzarrek saioa irabazi eta bigarren puntua lortu zuten, sailkapena bermatuz. Hego Haizea taldekoak, dena den, ez ziren esku hutsik joan, sailkapena ere lortu baitute, A,B eta C multzoetako bigarren sailkatu onena gisara.

Otsagabian jokatu zen atzoko azken saioa, bertako Gartxot Elkartean. Herri horretan erroak dituen Amortziaren eliobak taldea eta Sakanako Sakaña izan ziren bertan kantuan. Lehenbizikoek irabazi zuten saioa, eta hain justu, faseko sailkapenean berdinketa eman zen bi talde horien artean. Desenpaterako irizpideak behin ezarrita, Sakanakoentzat da finalaurrekoetarako txartela.

Finalaurrekoak, sei saiotan

Hiru kanporaketa izango dira finalaurrekoetan, joan-itzuliko formatuan. Guztira, beraz, sei saio izango dira, ondorengo herrietan: Tuteran (otsailak 29), Anizen (otsailak 29), Atarrabian (martxoak 6), Tafallan (martxoak 7), Goizuetan (martxoak 14) eta Jaunsaratsen (martxoak 14). Lehen aldiz, finalaurrekoak ez dira jokatuko parte hartzen duten taldeen herrietan, baizik eta beste sei herrietan. Modu horretan, Bardoak egitasmoa eta bertsolaritza ahalik eta Nafarroako bazter gehienetara eraman nahi du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Ikusi hemen finalaurrekoen taula.

 

Albiste gehiago

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Bizkaiko finala larunbatean Bilbon 2025-12-17

Bizkaiko zortzi finalisten aldartea eta helburuak

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-12-04

Laudio eta Errezilgo bertsoak Hitzetik Hortzeran

Nafarroako Bertsolari Txapelketa - Finala 2025-11-21

Aniztasunaren argazkia oholtzan

Jexux Mari Irazu

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu