Igandero ETB 1en 2020-03-06

Bertsolaritza feminismotik, Hitzetik Hortzeran

Ane Labakarekin eta Miren Artetxerekin elkartu da Eider, "Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen" argitalpena tarteko. Asteasuko Mikaela eta Joxepa Inaxi Elizegi eta Zizurkilgo Plazida Otaño bertsolariak ezagutuko ditugu, eta Andoainen, Arrasaten, Lasarte-Orian eta Iruñean izandako saioetako bertsoaldiak ere eskainiko ditugu igandeko programan.

Bi urte beteko dira ekainean Bertsolaritza genero ikuspegitik udako ikastaroa egin zenetik Iruñean, Udako Euskal Unibertsitatearen egitarauaren baitan. Haren antolaketan aritu ziren Ane Labaka eta Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileak. Ikastaroan sortutako gogoetarako eta eztabaidarako materiala argitalpen batean bildu dute: Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen. Hausnartzea bera ekitea ere badela sinesten dutelako.

Beraiekin elkartu da Eider, eta izandako solasaldia eskainiko dugu igandeko Hitzetik Hortzeran. Zertan aldatu da emakume eta bertsolari izateko modua? Birpentsatzen jarraitzeko badago aski foro edo espazio? Bertsolaritza urrunagotik bizi duten ikertzaile feministen kanpo begiradaren garrantziari buruz ere galdetuko diegu. Horien eta gehiagoren erantzunak, igandeko programan.

Mikaela Elizegi, Joxepa Inaxi Elizegi eta Plazida Otaño

Bertsolaritzaren historian ohikoa izan da familia batean bertsolari ugari izatea. Horien artean,  “Errota” sendia da ezagunenetakoa. Asteasuko Pedro Jose Elizegi “Pello Errota” bertsolariaz gain, bere alabek eta ilobek ere egiten zuten bertsotan: Mikaela eta Joxepa Inaxi Elizegi. Pello Errotaren bertso asko Mikaelari esker berreskuratu dira.

Beste adibide bat da otañotarrena: Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen Plazida Otaño, Joxe Bernardo Otaño eta Inazia Odriozolaren alaba, eta Pello Mari Otaño bertsolaria ezagunaren lehengusina. Etorri handiko emakumea zen, erantzun azkarrak ematen trebea, eta horren adibide dira gaurdaino iritsi zaizkigun bere zenbait bertso.

Garai bateko emakume bertsolarien aleak entzuteaz gainera, egungo beste bertso batzuk ere eskainiko ditugu Hitzetik Hortzeran: Andoainen, Arrasaten, Iruñean eta Lasarte-Orian berriki izandako saioetakoak, zehazki.

Mamitsu dator Hitzetik Hortzera. Igandean, 15:00etan, ETB1en; eta gerora baita sarean ere, EITB Nahieran atarian.

Albiste gehiago

Aitor Bizkarra Ruiz - Bizkaiko Bertsolari txapelketa 2025-10-28

«Gustura nago beharra egin izanagatik eta aldartea mantendu izanaren poza badaukat»

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa