Bertsolaritza bidelagun 2020-03-25

Etxeko egonaldian, bertsoa lagun

Etxeko egonaldian, bertsoa lagun
COVID-19aren eraginez abiatutako berrogeialdiak etxean egotera behartu gaitu. Egun hauetan bertsolaritza lagun izan nahi baduzu, denetariko eskaintza daukazu sarean. Hementxe, zerrenda - eta ziur izango direla gehiago! -. Zerrenda osoa amaierako loturan.

Gure egunerokoa etxera ekarri behar izan dugu azken egunotan; eta horixe izango da, koronabirusa tarteko eta etorkizun laburrean behinik behin, jarraitu beharreko pauta. Berrogeialdian hainbat ganbaratako hautsak harrotu dira, hura jasoz eta beste hau ateraz. Gu ere hala aritu gara.

Izan ere, egoerak ekarri digun ezinbesteko erritmo aldaketak aukera aparta dakar, bide berriak urratzeko ez ezik, jada egindako ondare mardul horretan esploratzeko, zer edo zer berreskuratzeko, gogoratzeko eta berriz mimatzeko; edota orain arte ezezaguna zitzaigun hori ezagutzeko.

Lasai: berrogeialdi osorako bazka dago.

Haurrekin bertsolaritza lantzeko, bertsoikasgela.eus 

Ikastetxeak itxita, salbuespenik gabe etxeko txikienak ezinbestean egon behar dute etxean. Bertsozale Elkarteko bertso irakasleek ikasgelan bertsolaritza lantzeko baliatzen duten ataria da bertsoikasgela.eus webgunea. Bertsozale Elkartea 463 ikastetxeetan ari da bertsolaritza irakasten, batera eta bestera ibiltzen diren 50 irakasleren eskutik; guztira, 28.500 bat haur eta gazteek jasotzen dituzte eskola hauek. Ataletako batzuk irekian daude, edozein erabiltzailek balia ditzake: bertso sortak, bat-batekoak eta jolasak topa daitezke, eta astero gai berri bat lantzeko. Gainera, gauden egoera honetarako espresuki sortutako bertso sorta eskaini ziguten bertso irakasle ditugun Iñaki Gurrutxagak eta Maddalen Arzallusek: hementxe.  Bertsoa jolasetik lantzeko aukera ematen dute bertsoikasgela.eus eta bertsoeskola.eus atariek

Haurrentzako zein helduentzako bertso-eskoletarako tresna baliagarri izateko asmoz jaio zen bertsoeskola.eus ataria: errima zerrendak, doinuak, gaiak,...denetariko materiala dago bertsotan egiteko, baita hasiberrientzako fitxak eta entzuteko bertsoaldi gogoangarriak ere. Maddi Ane Txoperenak COVID-19ari jarritako bertso sorta prestatu zuen pasa den astean. 

Ikus-entzunezkoak: eseri, jarri eroso eta ikusi!

Bertsolaritzaren inguruko hedabidea. Denetariko informazioa bertsolaritza egunean-egunean jarraitzeko, baina berebiziko garrantzia dute ikus-entzunezkoek. Hamaika saio daude ikusgai: jaialdiak, bertso afariak, emanaldi bereziak...

Eseri, jarri eroso eta gozatu

Bertsoa.eus hedabideak bertso plazan bilakatuko du zure egongela: hamaika jaialdi, bertso afari eta emanaldi berezi topatuko dituzu bertan. Bestalde, EITB Nahieran daude azken 10 urteotako Hitzetik Hortzera programako atalak; era berean, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala ere topatuko duzu.

Bestelako ikus-entzunezkoak ere baditugu eskura: esate baterako, Mintzola Ahozko Lantegiak ekoitzitako Mundu bat ahoz aho edota Mintzolak berak Etxepare Euskal Institutuarekin elkarlanean eta Laboral Kutxaren babesarekin egindako What is bertsolaritza?; azken hau berrogeialdian dagoen zure atzerriko lagunari hurrengo Skype elkarrizketan gomendatzeko modukoa, ingelesez garatutako ekoizpena baita azpitituluekin. Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian ere hainbat bertsoaldi entzun ahal izango dituzu, Bapatean bildumakoak barne; eta irakurri nahiago baduzu, liburutegiko zenbait erreferentzia sarean daude.

Albiste gehiago

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-29

"Eta zergatik bertsoa?"

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-15

Gasteizko teilatu gainean etzanda

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-07

Uhinak azulejo txurietan

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-06-01

Nolako zapatillak erabiltzen dituzu etxean egoteko?

POTOKASTAK - BERTSO UHINAK 2020-05-18

"Aspaldi da gutunik bidaltzen ez dugula"