Historiako Emakume Bertsolariak 2020-04-14

Xenpelartarrak eta Martzelina Lopetegi

Xenpelartarrak eta Martzelina Lopetegi
Historiako emakume bertsolarien atalean, Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” errenteriarra eta Martzelina Lopetegi oiartzuarra ezagutuko ditugu

Joxepa Antoni Aranberri “Xenpelar” (Errenteria 1865-1943)


Errenteriarra zen Joxepa Antoni Aranberri Petriarena, Xenpelar.  Ez zen familiako bertsolari bakarra izan. Bere ama Maria Luisa Petriarenak ere bazuen gaitasuna, baita bere osaba Juan Frantziskok ere, “Xenpelar” bertsolari ezagunak. Artean umea zela galdu zituen baztangaren ondorioz bai osaba, bai ama, baita ahizpa jaioberria ere. Erantzun zorrotz eta jarrera ausarteko emakume ezkongabea izan zen Joxepantoni, eta denetariko gaiei buruz egin zituen bertsoak, baina beharbada ezagunenak neska zarren alde idatzitakoak izango dira.

Enrike Elizetxeak Ibaizabal aldizkarian neskazarrei buruzko bertso sorta bat argitaratu zuen, aldizkariak berak antolatutako lehiaketa baten parte zena. Joxepa Antoni eta bere lagunei ez zitzaizkien bertso hauek batere gustatu, eta erantzun egin zioten Enrikeri posta bidez.

Enrike Elizetxeak, erantzun hau jasota, beste bertso batzuk argitaratu zituen Ibaizabal aldizkarian, oraingo honetan umilago eta barkamen eske. Baina aldizkariko kajistak, inprentara bidali aurretik testuak kokatzeaz arduratzen zen langileak, bere iruzkin pertsonalak egin zituen Elizetxearen bertso hauen azpian, neskazarrekin sartuz beste behin. Honi ere erantzun zion Joxepa Antoni Aranberrik.

Entzun Joxepa Antoni "Xenpelar"en berri, Perez-Gaztelu ikerlariaren ahotik, hemen.

Martzelina Lopetegi (Oiartzun 1864 -1930)

Oiartzungo Galtzarrena baserrian jaio zen Martzelina Lopetegi. Bertsolari bizia eta ausarta izan zen, Antonio Zavalak bere bilaketetan jaso zuenez.
Erromerietan eta bileretan bertsolariak izaten zirenean Martzelina harengana hurreratu eta sarritan beraiekin bertsotan lotzen omen zen, batzuetan entzuten zegoen lekutik eta beste batzuetan bertsolariengana hurbilduta. Martzelinaren lau ahizpek eta lagunek ez omen zuten gustuko hau, eta errietan egiten omen zioten, eta beragandik alde egin, baina hura ez zen gelditzen.

Martzelinaren erantzun azkarrari esker bere zenbait bertso gogoangarri iritsi dira guganaino. Plazida Otañok bezala, Martzelina Lopetegik ere kantatu omen zuen Txirritarekin. Gizona bera tentatzen hasi omen zen maite-kontutan hasteko, baina laster bota zion oiartzuarrak erantzuna.

Txirrita ez zen izan Martzelina xaxatu zuen bakarra berarekin ezkontzeko. Amerikano aberatsen bat ere gerturatu omen zitzaion halako asmoekin, baina honi ere kalabazak eman zizkion jarraian entzungo ditugun bertsoetan. Eta gauzak zer diren, 1907an ezkondu zen Martxelina azkenean, eta ordutik aurrerako bere bertsorik ez da ezagutzen…

Entzun bertso-musikatuak hemen.

Martzelina Lopetegiren bertsoaldien transkripzioak, hemen. 

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri