Igandero ETB 1en 2020-06-12

Xabier Amurizaren ibilbidea, igandean

Xabier Amurizaren ibilbidea, igandean
Andoni Egañak Xabier Amuriza elkarrizketatu zuenekoa berreskuratuko dugu asteburu honetan: Etxanon egindako haurtzaroa, seminarioko garaiak, plazetako bidea… hamaika kontu izan zituzten hizpide Hortzera berezi honetan. Igandean, 15:00etan, ETB1en.

2016ko udaberrian iragarri zuen Xabier Amurizak bertso plazetatik erretiratuko zela. Agur horren aitzakian, Andoni Egaña gidari hartuta, Amurizaren bizitzaren errepasoa egin genuen Hitzetik Hortzeran handik zenbait hilabetetara, eta igande honetan eskainiko dugu saio hori bera.

Ibilbide oparoa izan du Xabier Amurizak, bai bertsotan, eta baita bestelako alorretan ere. Zer kontatu ugari izateaz gain, kontalari aparta ere bada; bere bizitzako pasarteekin eta bertso onenekin ondutako saioa da igandean eskainiko dena.

Osabaren akordeoian iritsitako haurra
Gaur egun hizlari bikaina bada ere berandu hasi omen zen hizketan Xabier Amuriza. Amak bertso zaharrak kantatzen harrapatu zuen arte ez omen zuen ahorik zabaldu. Ipuin gisa kontatzen zioten haurrak Paristik zetozela, baina osabaren akordeoian iritsi zela bera etxera. Bizkargin kantatu zuen bat-batean lehenengoz 7 urterekin. Gaztaroan seminarioan egon zen ikasle modura, eta bertsoei esker ihes egin zuen hango diziplina zorrotzetik.

Seminariotik beste itxialdi baterako jauzia eman zuen gero, Zamorako kartzelan urteak igaro baitzituen. Bertan landu zituen gerora bertsolaritza irakasteko modua irauli zuten Hiztegi errimatua eta Hitzaren kirol nazionala liburuak 70eko hamarkada bukaeran. Bertso-eskolak sortzen hasiak ziren ordurako, eta Amuriza buru-belarri murgildu zen Frankismo ondorengo zurrunbiloan.

1980ko eta 1982ko Bertsolari Txapelketa Nagusietan txapela jantzi zuen Donostiako Balda pilotalekuan. Baina polemika ere ekarri zuten txapel haiek, bertsogintzara ere aldaketa ekarri baitzuen bai doinuetan, bai edukietan eta baita bertsoa ulertzeko moduetan ere. Iraultza horren emaitza da Andoni Egaña bera ere, eta hunkituta ariko dira biak garai haien inguruan, Baldako harmailetan eserita.

Azkeneko plaza Altzon egin zuen Xabier Amurizak, Miren alaba bertsokide zuela. Azkeneko saio hartaz ere ariko dira saioko protagonistak, Altzon bertan.

15:00etatik aurrera, igandean, ETB1en.

Albiste gehiago

Nafarroako Txapelketa - Xabat Illarregi Marzol 2025-10-21

«Egin nahi nuenetik nahiko gertu sentitu nuen nire burua Iruritan»

Jexux Mari irazu

Ibai Amillategi Ormaetxebarria - Bizkaiko Txapelketa 2025-10-14

«Gustatuko litzaidake plazako bertsokeratik ahalik eta hurbilen egotea txapelketako saio guztietan»

Jexux Mari irazu

Itzali eta piztu bertso saio elektronikoak 2025-10-09

«Plazan ohikoak ez diren mezuak mahai gaineratzea da helburua»

Erredakzioa

Larunbatean 21:00etan ETB1en 2025-10-09

Amoroto eta Irurako bertso jaialdiak Hitzetik Hortzeran