Arabako kuadrilla artekoa 2020-09-22

Amurrion jokatuko da Arabako Kuadrilla artekoaren hirugarren finalaurrekoa

Amurrion jokatuko da Arabako Kuadrilla artekoaren hirugarren finalaurrekoa
Hilabete batzuetako etenaren ostean, Arabako Bertso Kuadrilla arteko Txapelketako hirugarren finalaurrekoa Amurrioko katekesi aretoan jokatuko da. Irailaren 26an, 19:30ean burutuko da saioa, Aramaioko Konde basoko iluek taldea eta Gasteizko Errexala taldea arituko dira kantuan. Bertan erabakiko da Murgiako finalean, urriaren 10ean izango den hirugarren taldea zein izango den.

Errexala (Gasteiz) eta Konde basoko iluek (Aramaio) taldeak izango dira aurrez aurre, Amurrioko katekesi aretoan. 19:00etan irekiko dira aretoko ateak, pilaketarik gabe jarlekuak hartzen joateko eta, saioa, 19:30ean hasiko da.

Gasteizko taldean bertsotan egingo dutenak: Manu Bendala, Felipe Zelaieta eta Gari Sarriugarte dira. Aramaioarrak, berriz, Xabi Igoa, Martin Abarrategi, Paula Amilburu eta Aitor Ugarte izango dira.

Saioa hiru epailek baloratuko dute: Iker Elexpuru (Aramaio), Cristina Arteaga (Gasteiz) eta Arabako Bertsozale Elkartearen izenean Ekaitz Elorriaga.

Ondorengo ariketak egin beharko dituzte bertsolariek finalaurrekoetan:

-Agur kolektiboa (ez da puntuagarria)
-A taldeko batek B taldeko batekin ofizioka zortziko nagusian hiruna bertso
-Aurrekoak atzekoei, A taldeko batek B taldeko hiruri eta alderantziz, gai emanda, aurrekoak 3 bertso eta atzekoek bertso bana
-B taldeko batek A taldeko batekin ofizioka zortziko txikian hiruna bertso.
-Hiru punturi erantzun zortziko txikian (B taldeko bertsolariak A taldeko bertsolariari eta alderantziz).
-Asmakizuna A taldeko 3 kideen artean, puntuka, A taldeko batek hitza jakingo du eta taldekideei erantzungo die 3 minututan. Ondoren B taldekoek ariketa berdina.
-B taldeko bik A taldeko biren kontra ofizioka, Iparragirre doinua taldekidearekin erdibana osatuz, gaia emanda audio formatuan.
-Gaia emanda, talde bereko hiru lagunen artean hiruna kopla musikaz lagunduta.

Finalaurreko saioko garaileak Sumendiola bete poto eta Izenbakuek taldeekin batera izango dira Murgiako Palatu kirol eremuan, urriaren 10ean, abestuko dutenak.

Urtarrilean hasitako Kuadrilla artekoari irailean helduko diogu berriz, behar diren segurtasun neurriak hartuz: 

-Aforoa mugatua izango da.

-Saioa baino ordu erdi lehenago zabalduko da aretoa, zaleak era mailatuan sartu eta ekitaldira sartzean pilaketarik ez sortzeko.

-Jendarteko distantzia mantenduz lekutuko dira jarlekuak eta ez da hauek mugitzeko aukera izango. Jarlekuak saioa aurretik eta ondoren garbituko dira.

-Maskara jarrita izan behar da uneoro. 

-Bertaratutako zaleei antolatzaileen argibideei kasu egiteko eskatzen zaie.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri