Bardoak 2020 2020-09-30

Ostiralean zehaztuko dira 2020ko Bardoetako finalistak

Ostiralean zehaztuko dira 2020ko Bardoetako finalistak
Hilabeteetako etenaren ostean, heldu den ostiralean jokatuko dira jokatzeke zeuden bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jauntsaratsen. Han erabakiko da pandemia aurretik sailkatutako Leitzako taldearekin batera ze beste bi talde izanen diren finalean. Aforoak mugatuta eta segurtasun neurri guztiak mantenduta egingo dira saioak.

Bueltan dira Bardoak. Ostiralean, urriaren 2an, jokatuko dira jokatzeke zeuden bi finalaurrekoak, Goizuetan eta Jauntsaratsen. Martxoaren 14an ziren egitekoak bi saioak, baina pandemiaren eraginez bertan behera gelditu ziren. Oraingoan, segurtasun eta osasun prebentzio neurri guztiak bermatuta jokatuko dira. Hain zuzen ere, aforoak mugatu eginen dira, segurtasun tarteak mantenduko dira, aretoetara sartzeko eskuak garbitu beharko dira, eta musukoa ezinbestekoa izanen da, saio guztian zehar. Gainera, saioen osterako aurreikusitako otorduak ez dira eginen. Modu horretan, urtarrilean abiatutako egitasmoari amaiera duina emateko asmoa du Nafarroako Bertsozale Elkarteak.

Goizuetan aurrez aurre izango dira Lesakako Arranopola eta Malerreka-Baztango Bertsonautak taldeak. Joaneko saioan, otsailean Anizen egindakoan, bigarrenek eskuratu zuten garaipena, eta beraz, hanka bat dute finalean. Goizuetako saioko emaitzak argituko du ordea bietako zein sartzen den finalean. 18:30ean hasiko da saioa, udaletxeko ganbaran. Sarrerak aldez aurretik salduko dira, 3 eurotan, herriko estankoan.

Jauntsaratsen Berako Lamixene eta Barañaingo Hego Haizea taldeak izango dira parez pare. Tafallan jokatu zen joaneko saioa, martxoan, eta orduan beratarrek eskuratu zuten puntua. Jauntsaratseko saioan argituko da azkenean zein den talde sailkatua. 18:30ean da saioa, Apeztegiberriko ganbaran. Aforoaren mugapena dela eta, azkenean aldez aurretik egingo da sarreren salmenta, eta ez egunean bertan, lehenago iragarri bezala. Gauzak horrela, Apeztegiberrin bertan eta Latasako Biltegian daude sarrerak salgai, 3 eurotan.

Finala urriaren 17an jokatuko da, 17:00etan, Lizarrako Ikastolako areto nagusian. Leitzako Atekaberts komeni taldeak dagoeneko eskuratua du han kantatzeko txartela, eta ostiraleko bi finalaurrekoetan argituko dira beste bi finalistak. Finalerako sarrerak eskuragai daude dagoeneko www.bertsosarrerak.eus atarian, eta bihartik aurrera, Lizarrako Ikastolan bertan.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri