II. Pello Errota sariketa 2020-10-01

II. Pello Errota bertsolari txapelketa egin egingo da

II. Pello Errota bertsolari txapelketa egin egingo da
Duela bi urte egin zen lehendabizikoz Pello Errota sariketa eta izandako arrakasta ikusirik, 2020an berriz antolatzea aurreikusita zegoen. Aurten ere, puntako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan.

Urriaren 11an hasi eta azaroaren 1ean amaituko da II. Pello Errota bertsolari sariketa. Tartean, bi kanporaketa eta finala izango ditu eta Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartuko dute. “Pello Errotak merezi du bere omenez horrelako sariketa bat antolatzea eta bizi dugun egoerak gauzak erraztu ez baditu ere, txapelketa egin egingo da”, adierazi dute Harituz Bertsozale Taldeak eta Asteasuko Udalak.

Aurten ere puntako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan, bertso maila altua izanagatik, plazaz-plazako ibilitik “apartexeago” geratu direnak dira ia denak, antolatzaileen esanetan. “Plazaz-plazako ibilian, norbere bertso mailaz gain, beste hainbat faktorek ere badute eragina eta zenbait bertsolarik ez dute lortzen dinamika horretara salto egitea. Hori dela eta, beraien bertso maila erakusteko plaza bikain bat eskaintzea da sariketaren helburu nagusia”.

Hamabi bertsolari ariko dira aurtengoan ere txapela lortzeko lehian. Lehenengo kanporaketa, urriaren 11an izango da Abaltzisketako plazan eta bigarrena, berriz, urriaren 18an, Irurako kulturguneko aretoan. Bi kanporaketa horietatik sei bertsolari sailkatuko dira Asteasun, azaroaren 1ean jokatuko den finalera. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.

Duela bi urte egin zen lehendabizikoz Pello Errota sariketa eta izandako arrakasta ikusirik, 2020an berriz antolatzea aurreikusita zegoen. Aurten ere, guztia antolatzeko “lan handia” egin behar izan duten arren, txapelketak esfortzu horren neurriko emaitza ematea espero dute antolatzaileek; “bai bertsolarien aldetik, baita publikoaren aldetik ere”. Hori dela eta, herritarrak saioak ikusi eta entzutera gonbidatu nahi izan dituzte eta ekitaldiak segurtasun berme guztiekin egingo direla jakinarazi dute.

Albiste gehiago

Maddi Aiestaran Iparragirre - Osinalde Sariko balorazioa 2024-04-08

«Helburua zen guretik kantatzea eta uste dut neurri handi batean lortu dugula»

Jone Larrinaga Dañobeitia - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-03-28

«Bertsolaritzaren garapena aberatsagoa da espektatibarik gabe»

Mikel Artola Izagirre - Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko koordinatzailea 2024-03-26

«Gipuzkoan 10-50 urte bitarteko bertsolari ia denek kantatuko dute udaberrian»

Juanjo Uria Zubiarrain - Bertsolari bertsozale podkasta 2024-03-15

Juanjo Uria: bertsoa eragiletzatik eta pasiotik bizi duen hernaniarra

Araitz Katarain, Izaro Bilbao eta Janire Arrizabalaga - elkarrizketa 2024-03-13

«Bertso munduratze prozesu horretan sortzen diren gatazkak gorpuztuko ditugu, mimoz, arduraz eta umorez»