Bertsoaroa 2020 2020-10-23
Pandemia eta birusak uzten duen bitartean behintzat, zikloa antolatzeko apustuari eutsi diote aurten ere Iruñean. 1991an abiatu zen bideari urrats berri bat jarriko zaio, beraz, aurki, 30.ena hain zuzen ere. Bertsolaritza bere aniztasunean erakusteko xedez, zazpi saio antolatu dituzte azaroaren 5ean hasi eta azaroaren 26ra bitarte (egitarau osoa, hemen).
Azaroaren 5ean emango zaio hasiera, eta hain zuzen, efemeridea gogoraraziko duen jaialdi berezi batek abiatuko du zikloa. Oholtza gainean izango dira 1991ko lehen Bertsoaroa hartan kantuan aritutako bi bertsolari, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña, gaur egungo bi nafar bertsolari gazterekin batera, Joanes Illarregi eta Sarai Robles. Gaiak jartzenere lehen jaialdi hartan aritu zen Mikel Taberna eta azken urteetako Bertsoaroan hainbatetan ibilitako Alaitz Rekondo ariko dira.
Azaroaren 10ean 'Koplariak Koplari' hitzaldi musikatua emango dute Xabier Amurizak eta Agus Barandiaranek. murizak azken hamarkadetan bildu eta sortutako koplak hartuko ditu oinarri, entzulegoari koplek herri musikan izan duten eragina azaltzeko.
Azaroaren 11an gazteen bertso saioa izanen da Katakrak-en eta Orainmenean. Bertsolaritzaren genealogia feministak izeneko bertso saio berezia, azaroaren 17an. Iazko Lanku Beka eskuratu zuen proiektuak, eta bertsolaritzaren historia berridazteko eta berrirakurtzeko asmoa du. Hain zuzen ere, emakume bertsolarien historia lehen lerrora ekarriko du emanaldiak.
Haur programazioak ere izango du bere tokia aurtengo Bertsoaroan. Azaroaren 21ean, hain zuzen ere, Bertso jasa, bat-bateko jolasa izeneko haurrentzako tailerra izango da Mendillorriko Civivoxean.
Haatik konpainiaren Errimak bi oinetan emanaldiak dantza ekarriko du aurtengo Bertsoaroara, azaroaren 24an. Konpainiak bertsolaritzaren soinua mugimendu garaikide bihurtu du, eta atzoko eta gaurko hainbat bertsolariren errimak baliatuz, ikuskizuna eskainiko dute bost dantzarik.
Azaroaren 26an emango zaio bukaera aurtengo Bertsoaroari, eta ohiko gisan, beste bertso jaialdi batek itxiko du zikloa.
Erantzukizuna denaren gainetik
Pandemia egoeraren ondorioz indarrean dauden neurri guztiak bermatuta antolatuko da zikloa. Aforoak mugatuta egingo dira saioak, eta hori betetzeko hainbat prozedura zehaztu dira. Nafarroako Antzerki Eskolan egingo diren hiru emanaldietarako gonbidapenak banatuko dira saioen egunean bertan, 17:30etik aurrera, eta bukatu arte (pertsonako bi gonbidapen hartu ahalko dira gehienez). Kondestablen egingo diren bi saioetan, ordu erdi lehenago irekiko dira ateak, aforoa bete arte. Azkenik, Katakrak-en egingo den saiorako, bai eta haurren tailerrerako, izena eman beharko da aurretik, nafarroa@bertsozale.eus helbidera idatzita.
Saio guztietan pertsonen arteko distantzia bermatuko da, eta desinfekziorako neurriak hartuko dira. Maskararen erabilera, gianera, ezinbestekoa izango da.
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24