Euskadi Literatura Saria 2020-11-06

"Esker on handia sentitu nuen bertsokideekiko, baita aurreko feminista guztiekiko ere”

"Esker on handia sentitu nuen bertsokideekiko, baita aurreko feminista guztiekiko ere”
Orain dela hiru aste iragarri zen Euskadi Literatura Sarietan saiakerarena irabazi zuela Uxue Alberdik 'Kontrako eztarritik, emakume bertsolarien testigantzak' liburuarekin. Haren sentipen eta iritziak ezagutzeko aukera izan dugu bertsoa.eus atarian.

Euskadi Literatura Saria “sorpresaz eta pozez” jaso zuela aitortu digu bertsolari eta idazle elgoibartarrak. “Esker on handia sentitu nuen euren lekukotzekin liburua jantzi duten bertsokideekiko, baita aurreko feminista guztiekiko ere, pentsamendua zorrozten eta geure bizipenak politizatzen irakatsi digutelako”.

Horrez gain, ondo dakigu 2020ko urtea, urte gogorra izaten ari dela bat baino gehiagorentzat. Tartean, eta aurretik erreza ez bazen ere, kulturatik eta sortzetik bizi direnentzat ez da garai samurra izaten ari. “Ez dizut gezurrik esango, zera pasa zitzaidan burutik: “18.000€!”, oso urte zaila ari da izaten ekonomikoki ere, gure etxean kultur sorkuntzatik bizi gara bi helduok, eta sinistu besotik heldu eta saltoka hasi ginela”.

Kontrako eztarritik tresna bat izatea gustatuko litzaidake, erreminta bat gatazka honi zintzurretik heltzeko”. Liburuak 15 emakume bertsolariren testigantzetatik abiatuta, ahots publikoa duen emakumearen jarduna mugatzen dituen 22 mekanismo identifikatu eta batzen ditu.

Liburuak oso harrera ona izan duela ere gogoratu du. “Jende askok irakurri du eta mezu ugari jaso ditugu hainbat eremutatik, identifikatuta sentitu direla eta tresna baliagarria zaiela esanez. Kazetariek, kantariek, kirolariek, aktoreek, irakasleek… Hainbat aurkezpen, mahai-inguru, bertso-saio, tertulia… antolatu dira liburuaren aitzakian. Mugimendu handia”. Bertsolari gazteagoentzat baliagarri izateak ere asko betetzen duela onartu du.

Ezin da ahaztu hala ere, pozez gain bideak minetik ere izan duela; “tamalez, espero genituen erresistentziak jaso ditugu bueltan. Isiltasun adierazgarriak. Zauritzen duten isiltasunak”.

Bertso munduko feministen artean nekea ere nabari da eta eraldaketak kolektiboa izan beharko du, taldean egiten dena eta ez zama osoa emakumeen gainean jarriz.  “Energia pila bat ematen diogu inguruaren eraldaketa feministari, beharrezko zaigu, baina guk ere nahi dugu lasta hori gabe bizi, munduaz pentsatu, emakume gorputza ahaztu eta, besterik gabe, arintasunez kantatu”.

Gure txokoaz pentsatzera behartzen gaitu sistemak, eta bururatu ohi zait hori bera ez ote den beste azpirakuntza estrategia bat, horretan joaten zaigun indarrak ahituta uzten baikaitu bestelako baratzetan sartzeko”.

Horrelako sariak jasotzearen garrantzia “ematen zaionaren araberakoa” da Uxue Alberdiren iritziz. Aintzat hartu eta tresna gisa erabiliz gero garrantzitsua izango da bai bertso munduarentzat eta baita hortik haratago ere. “Liburua ez da garrantzitsua, garrantzitsua feministen arteko artikulazioa da, eta horri bide ematea, arnasa ematea berdinzaleagoa eta jende gehiagorentzat justuagoa izango den bertsolaritza asmatzen jarraitzeko bideari”.

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu