Zutabea 2021-04-23
Xermin Camblong Mounein
Usutan bezala, galdera interesgarrien jabe egin zira Lur, eta erantzunak, naizen interlokutore pertinenteagoa merezitzeaz gain, zutabe hunek eskaintzen duena baino toki gehiago ere mereziko zukeen. Halere, huna ohar batzuk:
Zure zutabean barna, forma eta edukiaz mintzatu zira bata bestea gabe joaiteko gai bailiran. Alderantziz, uste dut bata besteari txirikordatuak direla, eta hori dela, oro har, hizkuntzaren defaulta zoin edertasuna. Zerbait adieraztea, norbaiti, zerbaiten bidez: Ni-objektua-bestea.
Arazoa hizkuntzak duen funtzio poetikoan datza. Errealitatearen konplexutasuna kausitu nahi dugu, tresna zehazgabearekin; hau da, metaforez josia, hitz polisemikoez, figura erretorikoez…
Ez da harritzekoa, matematikariak egia unibertsalak eraikitzeko bere hizkuntza propioa sortu izana.
Mundua arrazionalizatzen du, objektu partikularra bazterrean utziz, objektu abstraktu eta generikoetaz intresatzeko. Alabaina, mundu naturalarekin hein batean ibil badaiteke, agerikoa da ez dezakeela materia sozialarekin ber efikazitatearekin funtziona.
Interesa gaitezen olerkariaz, beraz, garaiko inkontzientzia hitzetan hezurmamitzea esleitzen zaio, mugimendu dialektiko etengabean den munduaren fasea sesituz. Funtzio hau bete behar du gainera, forma ederrean. Inportantzia berekoak zazko edukia eta forma. Ikusi dugunaz, kosmobisio zehatz eta indar produktiboen garapen zehatz batean, edertasunaren bilaketak, edukia bigarren planoan uztera ere ekar lezake.
Arrazoin duzu, barra ixkineko bertsulariok edukiari lehentasuna ematen dakogu. Funtsean, ez baitugu hautu handirik, gure teknika kaxkarraren esklabu gira. Hortaz, erran nezake bakarrik teknika hein minimo batetik goiti ondu ditzakezula adierazko bertsuak. Formak, berriz, ez dakolarik bistan da edukiari gaina hartu behar, ene iduriko.
Filosofoaren rola gaineko bi pertsonaien sintesia egitea da, olerkariaren ikusmoldea, matematikariaren zehaztasunarekin.
Nago, bertsulariena zoin den jakiten lagunduko gaituela, Maddi Sarasuak. Ederra ala egia?
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-14
Larunbatean 21:00etan ETB1n 2024-11-07
Datorren astelehenean hasiko da Bilbon 2024-10-31
Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25
‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24