Elkar Sariak 2021-04-30

"Eskerrak eman nahi dizkiegu eragiteko leku hau eskaini ziguten guztiei"

"Eskerrak eman nahi dizkiegu eragiteko leku hau eskaini ziguten guztiei"
Ibilbideari Elkar Saria jaso du Bertsozale Elkarteak. Beñat Gaztelumendik jaso zuen garaikurra elkartearen izenean: "Saria guk jaso dugu, baina ibilbide hori denon artean ari gara egiten".

"Gure aurrekoek askotan esaten ziguten elkarte batean murgiltzea bizi-eskola bat dela. Bertsozale Elkarteak baditu balio batzuk, aurrekoengandik jaso ditugunak: erabakiak kontsentsuz hartzea, bertsolari eta bertsozaleak elkarrekin aritzea, garaian garaiko joeretatik elikatu arren, autonomiaz funtzionatzea... Eskerrak eman nahi dizkiegu eragiteko leku hau eskaini ziguten guztiei", azaldu du Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Lehendakaritza Taldeko kideak.

Bertsozale Elkarteari eman zaio aurtengo Ibilbideari Elkar Saria. Elkar Fundazioko Jon Jaka idazkariaren eta Joxemari Sors lehendakariaren eskutik jaso zuen garaikurra Gaztelumendik elkartearen izenean, elkarteko zenbait kidez inguratuta, atzo arratsaldean Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean egin zen ekitaldian. Dena den, gogorarazi du: "Sari hau ez da gurea bakarrik. Ibilbide hau ez dugu guk bakarrik egin; eta, gaur egun ere, zorionez, Bertsozale Elkartea baino zabalagoa da bertsolaritzaren mugimendua. Saria guk jaso dugu, baina ibilbide hori denon artean ari gara egiten". 

Kultura, bizigarria

Egungo egoera zailaren inguruan ere aritu da Gaztelumendi: "Urte zail batean sari hau jasotzeak are balio handiagoa ematen dio guretzat gaurko egunari. 2020an 700 bertso saio gutxiago egin ziren, bertso eskolek zailtasun handiak izan dituzte biltzeko, kantatzeko, eragiteko... eta, hala ere, guk kultura bizigarria dela sinesten dugu. Horren aldeko lanean jarraituko dugu datozen hilabeteetan ere, eta espero dugu bidelagun ditugunek erronka honi aurre egiteko behar besteko laguntza eskainiko digutela".

Goizean Elkar Fundazioak saridunak iragartzean azaldu duenez, "itxura batean bazterreko izatera bideratuta zegoen bertsoari lekua egitea lortu du Bertsozale Elkarteak; lekua egitea eta ikusgarritasuna ematea", eta hori lortzeko transmisioan eta zabalkundean egindako lana azpimarratu dizkio elkarteari fundazioak.

Proiektuari Elkar Saria Lotura Films produkzio etxeari eman zaio Lur eta Amets ekimenarengatik. Bestalde, iaz pandemiarengatik garaikurra jaso gabe geratu zen Seaskak ere eskuratu zuen 2020ko Ibilbideari Elkar Saria.  Ekitaldia amaitzeko, bertso saio literarioa izan zen: Beñat Gaztelumendi eta Nerea Ibarzabal aritu ziren bertsotan, Danele Sarriugarteren gidaritzapean.

Sari banaketa eta ondorengo bertso saioa hemen dituzue ikusgai, Elkar Fundazioaren eskutik. 

Albiste gehiago

Gaztetxeak Bertsotan sariketako finala larunbatean Azkoitian 2026-05-11

«Gazteon gaiak bertsotara eraman eta hain bertsozalea ez den publikoarekin konektatzea bilatzen dugu»

Iratxe Ibarra Foruria - Beteranoen Sariketako irabazlea 2026-05-04

«Bertsotarako gogotsu nago»

Arabako Txapelketako finala aurkeztu dute gaur Gasteizen 2026-03-25

Araba final berri eta ireki baten aurrean

Xabi Paya Ruiz - 'Ganbarako lana' antzezlanaren egilea 2026-02-17

«Bertsolari baten sormen prozesua irudikatu nahi izan dut antzerkiaren begietatik»

Aitor Etxebarriazarra Gabiola - Bizkaiko Txapelduna 2025-12-23

«Finalean eman nezakeena emandako sentsazioarekin gelditu nintzen»

Jexux Mari Irazu