Bapatean 2020 - Hitzaurrea 2021-06-21

Joskurak bistan

Joskurak bistan

Julio Soto Ezkurdia

Hogei urte zituen hogeita batgarren zikloak, negu hondarrean bertsolariok mutu gelditu ginenean. Irakurri eta entzun izan ditugu bertsolariek isilik egon behar izan zuteneko garaiak; eta guri ere tokatu.

Herriz herriko ibilian gaude gu ohituta, autoan hara eta hona ibiltzen; jende artean egoten eta jende artean sortzen. Kanpoari lotutako bizimodua da barrura begira egiten duguna. Eta hau kolpez eteteak, noraez handian utzi gintuen. Inoiz baino gordinago erakutsi zigun, bere ederrean, bertsolari figuraren zaurgarritasuna eta prekarietatea.

Agendako saioak ezabatzen hasi ginen pixkanaka. BB (bertan behera). Eta izate puska bat galtzea iruditzen zitzaigun aldiro. Irakurtzen, idazten edo dena delakoan saiatu zen bakoitza bere bertsolari izateko hautuari zentzua ematen. San Isidrotarako hasiko gaitun/k martxan esaten genion elkarri telefono dei desesperatuetan. Baina San Joan suek erre zituzten gure esperantzak. Areago, kultura premiazko gauzen zerrendan lekurik gabe gelditu zela frogatzean.

Eta hasi ginen halako batean berriz ere taularatzen, baina ez guk ezagutu izan dugun plazan. Majo kosta zitzaigun egokitzen, oholtzan bertsolari adina mikrofono ikusten eta ahorik gabeko zaleei kantatzen. Guk ahoa bai, baina bertsoaren gainean behar besteko arretarik ezin jarrita ibili ginen luzaroan, eta esango nuke hala gabiltzala oraindik. Artistikoki ere urte zaila izan da oso.

Eta faltan sumatu ditugu, gogotik, libreko saio eta bertso otorduak. Bazkariak on dagizuela, arratsalde on denori.

Bertso plaza. Zer hintzenan eta non hago! Ongi bistan gelditu zaizkin joskurak. Ez dakit noiz, nola eta zenbat etorriko den lehengotik; baina ekarriko ahal digu sare trinkoago bat dauzkagun gabeziak bistaratu eta hauei buruz hausnartzeko izandako denborak.

***

Bapatean 2020 bildumako hitzaurrea duzu hau:

*Audio guztiak deskargatzeko moduan jaso nahi badira, idatzi eskaera eginez xenpelar@bertsozale.eus helbidera.

Albiste gehiago

Eneko Lazkoz Martinez - Bertsolari Bertsozale Podkasta 2024-10-25

«Txapelketak bertsoarekin lotura mantentzeko modu bat eman dit eta harreman oso onak»

‘Bertso Bira’ Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lankuren eskutik 2024-10-24

30 bertso saio Gipuzkoako zahar-egoitzetan, adinekoen gozagarri